Bizkaiko taldekako bertso kanporaketa jokatuko dute bihar Bermeon
Bizkaiko Taldekako Txapelketa badoa aurrera eta bigarren faseko hirugarren kanporaketa jokatuko da bihar, Bermeon. Akerbeltzen antxumak (Markina-Xemein), Buruz-buru (Busturialdea) eta Itallen (Larrabetzu) ariko dira zein baino zein gehiago.
Bertso giroa nagusituko da herriko hiru gunetan burutuko diren saioetan.18:30ean izango da lehen saioa Izaro Irish Pub-en; bigarren saioa 19:30ean hasiko da eta Bolatoki tabernan egingo dute. Azkenik, hirugarren saiorako 20:30ean batuko dira Kafe Antzokian.
Kanporaketako irabazlea ekainaren 3an Markina-Xemeinen jokatuko den finalerako sailkatuko da, aurrez jokatu diren bi kanporaketako irabazleekin batera. Era berean, antolatzaileek finalerako bazkari txartelak dagoeneko salgai daudela gogoratu dute www.bertsosarrerak.eus webgunean.