Ostalaritzan euskara sustatzeko kanpaina berria abiarazi du udalak
Herriko sektore ezberdinetan euskara bultzatzeko ekimen ugari egin izan ditu Gernika-Lumoko Udalak, Hitzargune egitasmoa oinarri hartuta; batez ere, merkataritzan. Orain, baina, ostalaritza sektorean indartu gura du euskara. Hori dela eta, Buzti eztarr...
Gernika-Lumoko Udalak azaldu duenez, herriko tabernak eta jatetxeak erakarri nahi dituzte aurton, toki horietan euskararen erabilera areagotzeko asmoz. Hala, bezeroekiko dituzten hartu-emanetan euskara indartu nahi dute, «euren negoziorako ona delako». Hori horrela, ostalariek beraien tabernetako menuak zein kartak euskaraz izatea lortu nahi du udalak, besteak beste.
Bide horretan, Buzti eztarria euskaraz leloa duten edalontzi azpikoak banatzen hasi zen barikuan Gernika-Lumoko Udaleko Euskara Zerbitzua.
Hala, sustapen kanpaina berezi berri horren bitartez, helburu bi lortu nahi dituela jakitera eman du udalak; «batetik, ostalaritzan euskararen erabilera handitu nahi dugu, eta, bestetik, herrian Hitzargune programa ezagutarazi».
Kanpaina horregaz, gainera, «bide onetik» doazela azaldu dute; hori dela eta, Hitzargunera 20 ostalari inguru gehitu direlako. Jakinarazi dutenez, ia 60 dira kanpainagaz bat egin duten herriko tabernak.