Elkartasun azoka Urretxindorran
Erabiltzen ez dituzten gailuak Zubieta Errotara eraman beharko dituzte herritarrek barikua orduko. Dirua ongizate erakunde bati emango dioteMaiatzeko azken domekan merkatu solidarioa egingo dute Muxikako Urretxindorra eskolako jaiaren baitan. Bertan, j...
Erabiltzen ez dituzten gailuak Zubieta Errotara eraman beharko dituzte herritarrek barikua orduko. Dirua ongizate erakunde bati emango diote
Maiatzeko azken domekan merkatu solidarioa egingo dute Muxikako Urretxindorra eskolako jaiaren baitan. Bertan, jostailuak, liburuak, arropak, DVDak eta beste hainbeste artikulu egongo dira salgai, umeentzat zein nagusientzat.Hain zuzen, eskuragarri egongo diren bigarren eskuko artikulu guztiak herritarrek eramandakoak izango dira, helburu solidario bategaz saltzeko. Hori horrela, herritarrek maiatzaren 26ra arteko epea dute Zubieta Errotara beraiek behar ez dituzten artikuluak eramateko, gero merkatuan saltzeko.
Domekan 12:00etan zabalduko dute merkatua, eta 17:00ak bitartean egongo da zer ikusi eta zer erosi Urretxindorra eskolan.
Batutako dirua ongizate erakunde batera bideratuko dute. Kasu honetan, beste urte batzuetan egin bezala, udalak Bikarte errusiar eta bielorrusiar umeen harrerarako elkarte ongileari emango dio dirua. Elkarte hori egoera behartsuan bizi diren errusiar eta bielorrusiar gazteen aldi baterako harreraz arduratzen da.
Erakusketa
Horrez gain, Zubieta Errotako beheko solairuan Bikarte elkarteak egiten duen lanaren erakusketa jarri dute, baita Errusia eta Bielorrusiako umeen egoera azaltzen duten argazkiena ere.
Antolatzaileek herritarrak animatu dituzte parte hartzera. Zenbat eta artikulu gehiago lortu, salmentarako eta dirua batzeko aukera handiagoak izango dituztela gogorarazi dute.