'arNASA txiKITXUAK' dokumentala estreinatuko dute barikuan Bermeon
Andeetako jatorrizko hizkuntzei buruzko arNASA txiKITXUAK dokumentalaren estreinaldia izango da barikuan, Bermeoko Kultur Etxeko hitzaldi aretoan, 19:00etan.
Bermeoko Udalaren laguntzagaz, Garabide Elkarteak hainbat agertokitan grabatutako film laburrak, Nasa eta Kitxua hizkuntzen indarberritze kulturalean diharduten eragileen testigantzak jasotzen ditu. Sortzaileen esanetan, “agertoki hauek, hein batean, hizkuntza gutxiagotuen bizinahia zein testuinguru desberdinetan lehiatzen eta garatzen den erakusten digute”.
Juan Karlos Agirre, Bermeoko Euskara zinegotziak azaldu duenez, “Euskal Herrian legez, Andeetako Nasa eta Kitxua hizkuntzak indarberritzeko lanean ari dira”. Hau horrela, “ahalegin berean gabiltzan hizkuntzen artean elkarrengandik ikasteko eta elkarren berri izateko nahia gogoan izanda”, herritarrak gonbidatu ditu dokumentala ikusi eta Andeetako jatorrizko hizkuntzen arnas berritua ezagutzera.