Alde Zaharreko orube hutsentzako 120 proiektu aurkeztu dituzte
EHUko arkitektura ikasleek 19 oruberentzako proposamenak garatu dituzte. Denen artean, 35 bat proposamen aukeratu eta erakusten ipiniko dituzte Nestor BasterretxeanBermeoko Beruala Hirigintza Elkarteak eta EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoak hitzarm...
EHUko arkitektura ikasleek 19 oruberentzako proposamenak garatu dituzte. Denen artean, 35 bat proposamen aukeratu eta erakusten ipiniko dituzte Nestor Basterretxean
Bermeoko Beruala Hirigintza Elkarteak eta EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoak hitzarmena sinatu dute, Bermeoko Alde Zaharra Biziberritzeko Planaren baitan. Erakunde horretako zuzendari Santi Muruak atzoko prentsaurrekoan azaldu zuenez, Bermeoko alde zaharra multzo kulturala da, eta arkitektura ikasleen sormenak plan berezia berrikusterako orduan eztabaida pizteko lagun dezake.Arkitektura ikasleek 120 proiektu aurkeztu dituzte, Bermeoko alde zaharrean hutsik dauden 19 orube bisitatu ostean. Sei taldetan banatuta, horientzako ideiak aurkeztu dituzte.
Euren lana egiteko ez diete oztoporik jarri, eta sormena lantzeko aukera izan dute. Gero, beraien proposamenak jasota, Eusko Jaurlaritzagaz eta Bizkaiko Foru Aldundiagaz aztertu beharko dute proiektu horiek bideragarriak diren ala ez. «Ikusi beharko da plan berezian barneratu daitezkeen eta araudiagaz bat egiten duten», esan zuen Muruak.
Bermeoko Udaleko Hirigintza eta Turismo zinegotzi Irune Ormaetxeak, bestalde, alde zaharra biziberritzeko erronka bat dela aipatu zuen. Bermeon eta beste hainbat herritan alde zaharrak husten ari direla esan zuen, eta egoera horrek kezka sortzen diela. «Ikasleek aurkeztutako proi- ektuen bitartez alde zaharra berreraikitzeko ilusioa piztu nahi izan dugu», azpimarratu zuen. Izan ere, proiektu berritzaile eta ausartak aurkeztu dituzte, Ormaetxearen iritziz.
Bermeoko alkate Idurre Bidegurenek udalak eta EHUko arkitektura eskolak sinatutako hitzarmenaren garrantzia azpimarratu zuen. Eskolako zuzendari Juanjo Agirrezabalagak, aldiz, Bermeoko Udalagaz sinatu duten bezalako proiektuak ikasleentzako aukera «paregabea» direla esan zuen. «Kale, inguru, hirigintza arazoei erantzun bat ematea eskatzen zaie, eta irakaskuntza arloan oso interesgarria da», aipatu zuen.
Ikasleek aukera erreal bati erantzuna emateko aukera paregabea izan dutela aipatu zuten EHUko irakasle eta proiektuaren arduradun Ibon Telleriak eta Mikel Larretxek. «Ikasleek alde zahar bat nola birgaitu daitekeen aztertzeko aukera izan dute», esan zuen Telleriak. Era berean, ikasleek beren proiektuak garatzeko alderdi ezberdinak landu behar izan dituztela esan zuen: «Eraikina, instalazioak, okupazioa nola eman daitekeen. Azken finean, XXI. mendeko etxebizitza bat alde zahar batean txertatzen jakin behar izan dute».
Irizpide librean
Araudiari dagokionez, ez dute zorrotz errespetatu behar izan, ikasleen sormenari lekua emateko. Telleriaren esanetan, irizpide libreago bati jarraitu diote ikasleek; «araudiaren aspektu batzuk jarraitu behar izan dituzte, baina arauekiko kritiko ere azaldu dira beraien proposamenekin». Irakasleak aipatu zuenez, hori zen asmoa, aukera denak errealak ez diren arren, planteatu dituzten ideiak interesgarriak direlako.
Proiektu denen artean, 30-35 bat aukeratu dituzte, eta horiek ekainaren 4a bitartean erakusten ipiniko dituzte Bermeoko Nestor Basterretxea aretoan, maketa eta guzti.
Gainera, sailkatu dituztenekin lehiaketa bat antolatzeko asmoa ere agertu zuen EHUko irakasleak; modu batera edo bestera, ikasleek egindako lana saritu gura dute.