Ozeanoetatik salmahaietara
Barikuan hasi eta domekara bitartean, 23. Arrain Azoka hartu du Bermeok. Ohiko zinta mozketa barik, ozeanoetako urak irudikatuz inauguratu zuten azoka.Zinta mozketa bereziagaz zabaldu zuten barikuan 23. Arrain Azoka. Idurre Bideguren Bermeoko alkateak,...
Barikuan hasi eta domekara bitartean, 23. Arrain Azoka hartu du Bermeok. Ohiko zinta mozketa barik, ozeanoetako urak irudikatuz inauguratu zuten azoka.
Zinta mozketa bereziagaz zabaldu zuten barikuan 23. Arrain Azoka. Idurre Bideguren Bermeoko alkateak, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak eta Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidenteak ozeano bakoitza irudikatzen zuten ur botiletatik kristalezko munduko bola batera ura jaurtiz inauguratu zuten azoka.Izan ere, Ozeanoen zaintza «denen ardura» dela zabaldu gura izan dute aurten, horretarako ume zein nagusientzako ekimenak eskainita. Batez ere zapatuan, urdinez jantzitako jendez bete zen Bermeo. Bertaratutakoek erosteko ez ezik, askotariko kontserba produktuak, pintxoak edota Kofradia Zaharrean boluntarioek prestatutako hegaluze eta mendrezka errea eta marmitakoa dastatzeko aprobetxatu zuten.
XV. Pintxo Lehiaketaren lehenengo hiru saridunak (Casino Jatetxea, Kafe Loidxie eta Izaro, hurrenez hurren) joan den astean jakitera eman bazituzten ere, zapatuan jaso zituzten oroigarriak. Bezeroen saria, hala ere, zapatuan eman zuten: Zubiganek jaso du aurten.
Protestak ere egon dira; esaterako, Astillero Toxikorik Ez plataformakoak Toxikorik Ez, Herridxeri entzun eta Herridxe jagon oihukatuz agertu ziren inaugurazio ekitaldira, eta alderdi politikoetako ordezkariekin hitz egin zuten.