Gisatu onena, WC Komunsena
Giro ikusgarria ekarri du iparraldea eta hegoaldea batzen dituen aparteko jaiak. Hiru egunetan, musika, bertso, dantza eta jai giroa nagusitu dira herrian.Hiru egunetako jaia ekarri du Lekeitiora XVII. Iparraldeko Haizeak jaialdiak. Eguraldi onagaz eta...
Giro ikusgarria ekarri du iparraldea eta hegoaldea batzen dituen aparteko jaiak. Hiru egunetan, musika, bertso, dantza eta jai giroa nagusitu dira herrian.
Hiru egunetako jaia ekarri du Lekeitiora XVII. Iparraldeko Haizeak jaialdiak. Eguraldi onagaz eta giro hobeagaz gozatzeko aukera eduki dute Aittitta Txiki kultur taldeak Lekeitioko Udalaren eta herriko talde batzuen laguntzagaz prestatutako ekintzetan parte hartu dutenek.Bertso saioagaz hasi zen berotzen iparraldea eta hegoaldea bat egiten dituen jaia. Jendez bete zen Ikusgarri zinemako oholtzara igo ziren Aissa Intxausti, Sustrai Colina. Odei Barroso, Alaia Martin, Unai Iturriaga eta Onintza Enbeita bertsolariak.
Gisatu Txapelketa ospetsua egin zen zapatuan. Guztira, hamazortzi taldek aurkeztu zuten gisatua lehiara, eta horien guztien artean onena WC Komuns taldearenena zela erabaki zuen epaimahaiak. WC Komunsen gisatuak 32 puntu eskuratu zituen; bigarren eta hirugarren geratu ziren, berriz, Trabolak taldea eta Aittitta Makurra Txaranga II, 31,5 eta 31 puntugaz, hurrenez hurren.
Taldeek 13:30erako aurkeztu behar zituzten gisatuak, eta nahikoa puntualak izan ziren. Bien bitartean, eta azken ordua ailegatu aurretik, Aittitta Makurra Txarangako kideak eta Iparraldeko musikariak giroa alaitzen ibili ziren kalerik kale.
Beste behin ere, gisatu txapelketako epaimahaiko kideetako bat izan zen Jose Antonio Bastegieta Marko. Lekeitiora «gustura» joaten dela esan zuen Kortezubikoak.
Domekan, azoka
Domeka goizean egin da aurten Iparraldeko Haizeetan urtero antolatzen duten azoka. Asko izan ziren produktuak ikusi eta erostera animatu ziren herritar zein inguruko herrietako bizilagunak. Izan ere, iparraldeko ahateki, irasagar, ardo gazta eta beste hainbat produktu eskuratzeko aukera paregabea eskaini du jaiak. Aurten, esate baterako, orain arteko iparraldeko ekoizlerik gehien elkartu da Lekeitioko plazan, 21 postu, hain zuzen ere. Bertokoak, ostera, 15 izan dira.