Elkartasun olatuak horiz jantzi ditu kaleak
'Gu be zuek gara' maratoi solidarioan ehunka lagun batu ziren domekan. Gernika Atletismo Taldea eta Ospitaleko Lagunartea guraso elkartearen ekimenak aurreikuspen guztiak bete ditu.Ehunka herritarrek bat egin zuten domekan Gernika-Lumon Gu be zuek gara...
‘Gu be zuek gara’ maratoi solidarioan ehunka lagun batu ziren domekan. Gernika Atletismo Taldea eta Ospitaleko Lagunartea guraso elkartearen ekimenak aurreikuspen guztiak bete ditu.
Ehunka herritarrek bat egin zuten domekan Gernika-Lumon Gu be zuek gara elkartasun maratoiaren olatu horiagaz. Umeen minbiziaren ikerketan laguntzeko ekimenak antolatzaileen aurreikuspenak bete ditu, bai parte hartzeari dagokionez eta baita helburu ekonomikoari dagokionez ere.Hain zuzen ere, elkartasun maratoiaren helburua Biocruces osasun ikerketa institutuaren Linfoma Linfoblastiko T-aren ikerketa genetikoa diruz laguntzea izan da, eta antolatzaileek domekan esan zutenez, 30.000 euro biltzea lortu dute.
Gernika Atletismo Taldearen eta Ospitaleko Lagunartea guraso elkartearen deialdiak arrakasta eduki zuen. Gernikarrek zein inguruko udalerrietako bizilagunek ez zuten hutsik egin gura izan, eta beste behin agerian utzi zuten elkartasunak ez duela mugarik.
Horren adierazgarri da, esate baterako, tonbola solidarioan batu zen jendetza. Herriko merkatari, ostalari, ikastetxe, enpresa eta norbanako askok emandako askotariko produktuak jarri zituzten bertan, eta antolatzaileek horiek eman dituztenen laguntza eskertu dute.
Era berean, herritarrengandik zein askotariko elkarte, talde, enpresa edota eragileengandik domekara aurretik zein egunean bertan jasotako babesa eta laguntza goraipatu eta eskertu dute.
Goizetik jai giroan
Egun osoan jai giroa nagusitu zen Pasealekuan eta inguruko kaleetan. Eguerdian, Aittitta Makurra Txarangako kideak ibili ziren kaleak musikaz girotzen.
Minbizia daukaten zenbait haurrek zinta moztu ostean, 5 kilometroko lasterketa burutu zuten ume, gazte zein nagusiek, eta, horren ostean, 500 metroko lasterketaren txanda izan zen. Parte hartzaileek, tipi-tapa tipi-tapa, irribartsu egin zuten arineketan.
Ondoren, tailer, puzgarri eta jolasetan primeran pasatzeko aukera eduki zuten umeek, eta esaterako, minbizia duten umeei babesa emanez, marrazki dotoreak egin eta Pasealekuan eskegi zituzten. Halaber, Amets Arzallus eta Julio Soto bertsolariek ere minbizia duten umeen kemena nabarmendu zuten bertsotan.
Bertso saioa amaituta, Segundo Olaeta Musika eskolako kideak igo ziren oholtzara, eta ondoren, The Uski’s taldeak eta Oxabiren erromeriak jarri zioten doinua ekimenari. Hala, dantzan eta kantuan borobildu zuten herritarrek arineketan hasitako eguna.