Bermeoko Eusko Alderdi Jeltzaleak (EAJ) prentsa ohar bitartez jakinarazi duenez,
birjarpen errekurtsoa jarri dute, “pisuzko arrazoiak” argudiatuz. Hain zuzen ere, Bermeoko Udalak Astilleros de Bermeo SL enpresari emandako beira zuntzezko itsasontziak egiteko jarduera eta obra lizentziak errekurritu dituzte.
Astillero Toxikoa Ez plataformako kideek ontziolaren aurrean egin zuten barikuan elkarretaratzea, gero Arrain Azokaren inaugurazio ekitaldira joan ziren.
EAJk behin eta berriz salatu du, udalak herriaren interesen aurretik enpresa pribatu baten interesak jarri izana. Diotenez, emandako lizentziak indarrik barik uzteko “pisuzko hainbat arrazoi” aurkeztu dituzte.
Prentsa oharrean azaldu dutenez,
ez da ingurumen ebaluaziorik egin legeak dioen moduan: “2008an ingurumen ebaluazio txostenik behar ez zelan esan bazen ere, 2013an legea aldatu zen, eta ebaluazioa egitea derrigorrezko bihurtu zen. Jarduera proiektua, berriz, 2015ean aurkeztu zen”.
Kokapena ere aipatzen du EAJk, “ez da kontuan hartu jarduera gogaikarri, osasungaitz, kaltegarri eta arriskutsuen legeak mota horretako jarduerak herrigunetik
2.000 metro baino gehiagoko distantziara jartzea behartzen duela. Bermeoko ontziola, berriz, etxebizitzetatik 50 metro eskasera dago”.
Aurkeztutako proiektuak, bestalde, “gabeziak” dituela uste dute jeltzaleek. “Proiektuak material arriskutsuak erabiliko direla aipatzen den arren,
ez du zehazten ontziolaren ekoizpena zenbatekoa izango litzatekeen. Ondorioz, ezin jakin daiteke zenbat material arriskutsu gordeko dituzten pabilioian, ez eta ezarri beharreko neurri zuzentzaileak ere”.
Bestalde, jeltzaleek gogorarazi gura izan dute aipatu enpresak portuan daukan
kontsezioa 2019ko irailean iraungi egiten dela, eta Eusko Jaurlaritzak gune hori berrantolatzeko konpromisoa agertu zuela portuko plan bereziaren azken modifikazioa egin zuenean.
Hori guztia kontuan izanik, jeltzaleek alkateari eskatu diote Astilleros de Bermeo SL enpresari jarduera handitzeko emandako lizentzia eta obretarako baimena indar barik utz ditzala.
Bizilagunak protestan. Ontziolaren inguruan bizi diren herritarrek, berriz, joan den barikuan egin zuten azken protesta. Horiek ere udalak emandako lizentzien aurka daude, eta errekurtsoa jartzeko asmoa agertu zuten apirilean egindako elkarretaratze isilean. Barikuan, hala ere,
Arrain Azokaren inaugurazio ekitaldira eroan zuten protesta. Halaber, Lameran bildutako alderdi politiko desberdinetako ordezkariei haien aldarrikapenaren berri emateko ere aprobetxatu zuten.
Udalaren erantzuna. Jarduera
baimena eman beharra eduki dutela azaldu zuten Bermeoko Udaletik apirilean, «gaur egun
indarrean dauden lege eta planeamenduak betetzen dituelako». Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Osasun sailek eta udaleko hainbat teknikarik egindako txostenak aldekoak direla zioten, eta horiek «lotesleak» zirela. Beraz, «nahitaez» baimena eman beharra eduki dutela adierazi zuten; «
bestela prebarikazioa egingo genuke».