Iparraldeko zaporea izango du Lekeitiok bihartik domekara arte
XVII. Iparraldeko Haizeak jaia prestatu du Aittitta Txikik, udalaren laguntzagaz. Aurreko urteetan baino iparraldeko ekoizle gehiago izango ditu domekako azokakEgitarau oparoa dakarte XVII. Iparraldeko Haizeek asteburuan Lekeitiora. Bihartik domekara e...
XVII. Iparraldeko Haizeak jaia prestatu du Aittitta Txikik, udalaren laguntzagaz. Aurreko urteetan baino iparraldeko ekoizle gehiago izango ditu domekako azokak
Egitarau oparoa dakarte XVII. Iparraldeko Haizeek asteburuan Lekeitiora. Bihartik domekara egongo da bertoko zein iparraldeko musika, ikuskizun eta zaporeez gozatzeko aukera. Aittitta Txiki kultur taldeak Lekeitioko Udalaren eta herriko talde eta elkarte batzuen laguntzagaz antolatutako jaiak indartsu joko du hiru egunetan.Aurten ere, bertso saioagaz emango diote hasiera jaiari; zapatuan, berriz, taberna-kuadrillen arteko Gisau Txapelketak hartuko ditu kale eta txoko guztiak, eta domekan, Iparraldeko eta Hegoaldeko produktuen azoka prestatuko dute, plazan.
Sei bertsolari igoko dira aurten Ikusgarri zineman egingo den bertso saiora. Beti bezala, hegoaldeko zein iparraldeko ordezkaritza egongo da: Aissa Intxausti lekeitiarra, Alaia Martin oiartzundarra, Unai Iturriaga du- rangarra, Onintza Enbeita muxikarra eta Sustrai Colina eta Odei Barroso urruñarrak.
Gaiak jartzeko ardura, berriz, Xabat Galletebeitia Lekeitioko bertsolariak izango du.
Musika eta dantzak
Gisatu usain gozoa zabalduko da herrian zehar, zapatuan. Taberna eta kuadrillek gaur dute azken eguna izena emateko. Etzi, berriz, sukaldari lanetan ibiliko dira Eskolapean edo herriko taberna aurre eta txoko ezberdinetan. Kuadrillek lanean diharduten bitartean, kalerik kale ibiliko dira, herriko giroa alaitzen, iparraldeko zein hegoaldeko musika eta dantza taldeak. Baigorriko Gaiteroek eta Arrola Dantza Taldeek bisitatuko dute berriz ere Lekeitio; aurten, gainera, Urruñako Kuxkuxtu txaranga ibiliko da egun osoan bazterrak pizten.
Domekak, azkenik, iparraldeko zein hegoaldeko produktuak dastatu eta eskuratzeko aukera eskainiko du. Estreinako, azoka domekan antolatzea erabaki dute Aittitta Txiki kultur taldekoek. «Gisatu Txapelketa zapatura aldatu genuen iaz, eta azokak eta txapelketak bat egiteak nahaste handia eragin zuen», azaldu dute. Horrela, Gisatu Txapelketan parte hartzen duenak azoka lasai ikusi eta gozatzeko aukera ere izango duela esan dute.
Aurten, gainera, aurreko urteetan baino iparraldeko saltzaile gehiagok jarriko dituzte postuak. Guztira, iparraldeko 21 ekoizle egongo dira azokan, eta 15 izango dira bertokoak.
Azoka inguruetan ere, jai giroa izango da nagusi. Bertsoak, ardien ile mozketa eta Bote Luzea pilota jolasaren erakustaldia egongo dira. «Iparraldeko eta Nafarroako talde bi neurtuko dira Bote Luzean Paskual Abaroaren monumentuaren aurreko zabalgunean prestatuko duten zelaian».
Herritarrak jaian parte hartzera gonbidatu dituzte.