Atzoko lehen mailako afizionatuen finalean
erraz nagusitu zitzaizkien Espinali eta Uriondori. Antolatzaileek zein pilota zaleek final lehiatuagoa espero zuten arren,
22-11 amaitu zen partida. “Garmendiak kriston partida egin zuen, eta Zubizarreta ere bikain aritu zen, errematerako dituen dohainak erakutsiz”.
Argazkia: Pilota Ajangiz 2017.
Hala, Zubizarretak jaso zuen finaleko
pilotari onenaren saria.
Antolatzaileen berbetan, giro “paregabea” izan zuten Ajangizko frontoian, eta jende asko batu zela nabarmendu dute: “Jai giro polita izan genuen, eta egun pasa ederra egin genuen. Frontoian bildutako pilota zaleek partida politak ikusteko aukera izan zuten”.
Goikoetxea-Bengoetxea eta Bengoetxea-Urzelai I bikoteek jokatu zuten
goizeko lehen finala (umetxoen mailakoa), eta azken horiek 18-17 nagusitu ziren. Jaritz Bengoetxeari eman zioten pilotari onenaren saria.
Ondoren,
kimuen kategoriako finalean, Ekainek eta Mikelek 18-9 hartu zituzten mendean Urtzi eta Rocha. Ekain izan zen finaleko pilotari onena.
Bestalde, final “lehiakorra eta polita” izan zuten
ume mailan. Etxezarragak eta Jaiok 18-17 irabazi zieten Enbeitari eta Bernaolari. Jaiok jaso zuen pilotari onenaren saria.
Apraizi omenaldia
Lehen mailako afizionatuen, umetxoen, kimuen eta umeen finalak jokatzeagaz batera,
Alexis Apraiz pilotari profesional ohia omendu zuten, eta hura aritu zen sariak ematen. “Bere ibilbidea errekonozitu gura izan diogu, eta omenaldi xumea eta hunkigarria izan zen. Gernikan jaio arren, guk ajangiztartzat dugu bere aita Ajangizkoa delako”.
Argazkia: Pilota Ajangiz 2017.
Antolatzaileek txapelketako txapela jantzi, eta zenbait oparitxo eman zizkioten oroigarri modura.
Bestalde, pilotari onenak herriko produktuekin saritu zituztela azaldu dute. Pilota eta indaba kilo bana jaso zituzten sarituek.