Hamaseigarren urtez, Gernika-Lumoko zentroetako ikasleen lanak biltzen dituzten idazlan koadernoak kaleratu dituzte Gernika-Lumoko Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Hezkuntza Arloak, herriko irakaskuntza zentroekin elkarlanean. Guztira, 60 lanez osatu dituzte.
XVI. Idazlana Koadernoetako, irakurketa ekitaldia (LHkoak), gaur, Lizeon.
Gaur Lehen Hezkuntzako ikasleak eta horien irakasle zein senideak bildu dira Lizeo Antzokian. Batetik, zentro ezberdinek aukeratutako idazlan horien artean batzuk irakurri dituzte bertan, eta, bestetik, argitaratu dituzten idazlan koadernoak jaso dituzte horien egileek. Halaber, 30 euroko bono bana ere jaso dute, udalerriko liburu dendetan gastatzeko.
Bihar, gauza bera egingo dute DBH eta Batxilergoko ikasleek; horiek ere, beraien irakurketa egingo dute, eta idazlan koadernoak jasotzeagaz batera, 40 euroko bono bana jasoko dute. 11:00etan bilduko dira Lizeon.
Idazlan koadernoei lotuta, bestalde, portada lehiaketa egin dute, eta honako hauek suertatu dira irabazle: DBH eta Batxilergokoen kategorian, Maitane Acevedo (DBH 4) eta LHkoen artean, Iraia Martin (LH 5. maila).