Bi hiri, eta, bietan, eraso gupidagabea. Bonbak, hilketak, heriotza, suntsipena… 1937an bonbardatu zuten Gernika, eta 1945ean Pforzheim.
Azken eraso hura gogoan izan zuten Alemaniako hirian, otsailaren 23an, bonbardaketaren urteurrenean. Urteurren horretan, baina, duela 80 urte Gernika bonbardatu zutela ere izan zuten gogoan.
Gernika-Pforzheim: zweiStadteein Schicksal –Gernika-Pforzheim:?bi hiri bide berean– erakusketa inauguratu zuten Alemaniako hirian, otsailean. Picassoren Gernika koadroaren kopia batekin zabaldu zuten erakusketa, eta Malagako artista bere obra nagusia egiten ari zela egindako azterlan eta faksimileek osotu dute. Horiekin batera, ohol polikromatuan grabatutako zenbait pieza ere bildu zituen erakusketak. Pieza horiek Alemaniako Grieshaber artistak egindakoak dira: Homage a Picasso izeneko bildumakoak, hain zuzen. Grieshaberrek Picasso miresten zuen, eta haren omenez ere bozetoak eta grabatuak biltzen zituen erakusketa bat egin zuen 1946. urtean: Picasso aide memoire 1937.
Otsailaren 23an Pforzheimen inauguratu zuten erakusketak bi artisten lanak bildu zituen. Orain, Gernikako bonbardaketaren 80. urteurrenaren harira, Gernikara ekarri dute lanen lagin hori, eta kultur etxeko erakusketa gelan egongo da ikusgai maiatzaren 17a bitartean.
Erasoak lanen oinarri. Gernika-Pforzheim:?bi hiri bide berean izeneko erakusketak bi hirien arteko bakeari eta adiskidetasunari keinu egin nahi dio. Joan den astean egin zuten inaugurazioa, eta bertan izan zen Pforzheimgo Udaleko kultura arduradun Tanja Solombrino, Gernika-Lumoko zinegotzi Iñigo Magunagoikoetxearekin batera. Bi horiek eman zituzten erakusketari buruzko azalpenak.
Picassoren Gernika eta Grieshaberren lanaren arteko lotura egin nahi du erakusketak, bi hiriek eta hiritarrek bizi izan zituzten erasoak eta lazturak izan baitziren bi artisten lanen abiapuntua. Biek ere, artelan ikusgarri eta zirraragarriak egin zituzten, eta, gaur egun oraindik, bakearen aldeko borrokaren ikur izaten jarraitzen dute.