Azken urteotako bisitari kopururik handiena hartu du Bermeok Aste Santuan. 1.321 izan dira Bermeoko Turismo Bulegotik Aste Santuko egunetan hurbildutako pertsonak, iazko (%11,5 gehiago) eta duela bi urteko (%41 gehiago) datuak aise gaindituz.
Hainbat izan dira Gaztelugatxeko eskaileretatik gora eta behera ibili diren pertsonak
Datu horri, Gaztelugatxeko San Juanek jasotako 4.000 bisitariak gehituz gero, “oso datu positiboa” dela nabarmendu dute Idurre Bideguren Bermeoko alkateak, Irune Ormaetxea Turismo eta Merkataritza zinegotziak eta Bego Gangoiti Turismo Bulegoko arduradunak.
Guztira 5.321 pertsona ibili dira Aste Santuak iraun dituen bost egunetan. Horrez gain, informazio puntuetatik pasa ez diren bisitariak ere ugari izan direla adierazi dute.
Euskaldunak izan dira bisitari gehienak, beraien atzetik katalanek, madrildarrek eta galiziarrek gozatu dute Bermeoko eskaintza turistiko zabalaz. Besteak beste, Frantzia, Iberoamerika, Japon eta Italiako bisitariek ere bisitatu dute turismo bulegoa.
Era berean,
ostatuak %100ean bete dira, jatetxeek eta tabernek bezero asko izan dituzte eta turismo aktiboak oso harrera ona izan du. Nordic Walking gunearen baitan kirola egiteko, Bale Arrantzaren Interpretazio Zentroa bisitatzeko edota Arrain Azokaren harira egindako pintxo lehiaketan pintxoak dastatzeko aukera ere izan dute bisitariek.
Bete egin da Gaztelugatxera eskainitako autobus zerbitzua
Bermeoko Udaletik
Gaztelugatxeko San Juanera eskainitako autobus zerbitzua nabarmendu nahi izan dute,
bete egin baita;
950 pertsonek erabili dute. Turismo iraunkorra bultzatzeko garraio publikoan joateko aukera eskaini dute aurten bigarrenez, eta iazko kopurua bikoiztu da.
Gaztelugatxeko San Juan bisitatzera doan jende kopurua kontuan hartuta, trafiko arazoak ekiditeko “ezinbestekotzat” jo dute zerbitzua udal arduradunek, eta oso pozik azaldu dira izandako erantzunarekin.
Azkenik, Bermeoko Udalak turismo iraunkorraren alde egiten duen apustua berretsi du: “gure arrantza herri izaera nabarmendu, gure ingurua eta ondarea zaindu eta mantendu da, eta, aldi berean, lanpostuak sortuko dituen turismo iraunkorraren aldeko apustua, hain zuzen ere”. Are gehiago, Gaztelugatxeko San Juanek Bermeoko turismoa bultzatzeko eskaintzen dituen aukerak lantzen jarraituko dutela azaldu dute, Bizkaiko Foru Aldundiarekin elkarlanean.