Ohorezko mailako azken jardunaldia atzo lehiatu zuten Urbietan, eta
40-28 irabazi zuen etxeko taldeak. Hala ere, basurdeentzat ez da oraindik denboraldia amaitu. Izan ere,
domeka honetan 12:00etatik aurrera Alcobendasen kontra jokatuko dute Urbietan, 20. jardunaldian atzeratu zuten partida.
Etxeko jokalariak indartsu zelairatu ziren atzo, eta partida hasiera ikusgarria izan zen. Etengabeko eraso ahaleginaren ostean, lehia hasi eta sei minutura, Mateo Bastek lortu zuen
etxekoen lehen entsegua.
Baina, lehen kolpe horrekin suspertu ziren katalanak, eta zigor kolpe batekin haien lehen hiru puntuak eskuratu zituzten
(7-3). Partidaren hemeretzigarren minutuan, beste zigor kolpe baten ondorioz, basurdeengandik puntu bakarrera jartzea lortu zuten.
Argazkia: Txebi Arriaga.
Markagailua iraultzeko ahaleginean, talde katalaneko jokalariek estu hartu zituzten etxekoak, eta erasoko jokaldi luze baten ostean lortu zuten haien helburua. Aurreko bi zigor kolpeetan moduan, beste hiru puntu eskuratu zituen Noel Marx jokalariak.
Bi puntuko aldeagaz, basurdeak partida hasierako jokoa berreskuratzeko zereginean aritu ziren. Hala, lehen zatiko azken txanpan entsegua lortu zuten. Erasoko jokaldi bikain batean heldu zen lehen zatiko azken entsegua; Jokin Eskolar baloiaz jabetu, eta
Eder Martinezen entseguagaz 12-9ko markagailuagaz joan ziren aldageletara (Pichlerrek ez zuen transformatzen asmatu).
Basurdeek lehen zatiaren antzera ekin zioten bigarrenari. Tui Katoak hamaika buruhauste eragin zizkien bartzelonarrei. Haren pasea ondo aprobetxatu zuen Nacho Fordhamek. Argentinarrak egin zuen bigarren zatiko lehen entsegua, eta Pichlerrek arazorik barik transformatu zuen (
19-9).
46. minutuan heldu zen
F.C Barcelonaren lehen entsegua. Bast etxeko jokalariari epaileak txartel horia erakutsi, eta etxeko taldea bat gutxiagogaz zegoela lortu zuten katalanek haien entsegua.
19-14ko markagailuagaz, Bartzelonako taldeak beren lehen entsegua egin eta hiru minutura bigarrena egin zuen. Pol Plak entsegua egin, eta Marx-ek transformatu zuen. Hala ere, bi puntuko aldeak ez zien askorik iraun. Izan ere, Matias Lopez basurdeak beste entsegu batekin erantzun zien, eta Pichlerrek transformatuta,
26-21ko markagailuagaz jarri ziren.
Argazkia: Txebi Arriaga.
Hurrengo minutuetan erasoan gogor jokatu zuen etxeko taldeak, eta horrekin batera, defentsa lan sendoa erakutsi zuen. Hainbat aukera izan zituzten, eta Jon Magunazelaiak eta Joaquin Palisak entsegu bana egitea lortu zuten. Palisaren marka, esate baterako, kontraerasoko jokaldi bikain baten emaitza izan zen.
40-21ko markagailuagaz heldu ziren partidaren azken minutuetara, eta Bartzelonak entsegua eginez lortu zuen aldea murriztea (Marxek egin eta transformatu zuen).