Etxebarriko Udalak auzo-taxi zerbitzua eskainiko du
Ibilgailurik ez duten Etxebarriko bizilagunek auzo-taxi zerbitzua izango dute epe laburrean. Etxebarriko Udalak auzoetatik eta erdigunera edo herrian ez dauden beste zerbitzu batzuetara joateko erreztasunak eman nahi dizkie ibilgailurik ez daukaten uda...
Etxebarriko Udalak abiarazitako esperientzia bizilagunen beharrei erantzuteko sortu dute. «Erosketak egitera, farmaziara, medikuarengana, bankura edo behar dutenera joan ahal izateko aukera eman nahi zaie taxiaren bidez», azaldu du Jesus Iriondo Etxebarriko alkateak.
Jakitera eman duenez, gainera, zerbitzua asteko egun guztietan egongo da funtzionamenduan, astelehenetik domekara, auzoetan bizi direnek aisialdian ere herrigunera joateko aukera eduki dezaten.
«Alde batetik, Etxebarrian, baserri sakabanatu asko ditugu, eta arrazoi batengatik edo bestearengatik ibilgailurik hartu ezin duten heldu edo gaztetxoen joan-etorriak egiteko zerbitzu bat behar dela ikusi dugu. Bestalde, bakarrik bizi diren herritarrak ere badaude, eta herritar horiei guztiei batetik bestera mugitu ahal izateko erraztasuna eskaini nahi diegu», gehitu du alkateak.
2 euro
Udaleko arduradunak jakitera eman duenez, joan-etorri bakoitzaren kostua 2 eurokoa izango da erabiltzailearentzat, eta gainerako kostua udalak ordainduko du. Bidaiak, baina, erreserbatu egin behar dira, taxi-gidariari berari aurretiaz deituta. Nori deitu jakiteko etxez etxe zabalduko du informazioa udalak. «Postontzien bidez zabalduko dugu informazioa, deitu behar den taxi zerbitzuaren telefonoa zein den argi geratzeko».