EAJk ontziolaren jarduera berriari lizentziarik ez ematea eskatu du
Jeltzaleek Hirigintza Batzordean alkateari azaldu diote «badirela pisuzko arrazoiak lizentziarik ez emateko». Beira zuntzezko ontziak eraikitzeko lizentzia litzatekeArtza kaian kokatuta dago Bermeoko ontziola, etxebizitzetatik 50 metro baino gutxiago...
Jeltzaleek Hirigintza Batzordean alkateari azaldu diote «badirela pisuzko arrazoiak lizentziarik ez emateko». Beira zuntzezko ontziak eraikitzeko lizentzia litzateke
Artza kaian kokatuta dago Bermeoko ontziola, etxebizitzetatik 50 metro baino gutxiagora. Eusko Alderdi Jeltzaleak (EAJ) ohar bidez jakinarazi duenez, Bermeoko alkateari eskatu diote, Astilleros de Bermeo SL enpresak beira zuntzezko itsasontziak eraikitzeko eskatu duen lizentzia ez ematea.Jeltzaleek diotenez, «Eusko Jaurlaritzak martxan jarri duen Portuko Plan Bereziaren bigarren aldaketan, argi eta garbi adierazten da gune hori berrantolatzeko aldaketa puntual bat egingo dutela inplikatutako eragile guztiak entzun ostean». Era berean, jarduera horrek gaur egun duen emakida 2019an amaitu egiten dela gogorarazi gura izan dute.
Bestalde, EAJren arabera, «enpresak oraindik ez du ingurumen ebaluaziorik aurkeztu, eta udalak ez dio eskatu ere egin».
Udalaren zeregina «herriaren eta herritarren interesak defendatzea» dela diote. Horrela, EAJk Izartu Bermeo taldeagaz batera, behin eta berriro eskatu du udaletik ingurumen ordenantza bat lantzea. «Ordenantza horren bitartez, jarduera gogaikarri, osasungaitz, kaltegarri eta arriskutsuak herrigunetik zenbat metrora jarri arautuko genuke, eta, ondorioz, ontziolagaz gertatzen ari dena eta antzerako kasuak ekiditea posible izango litzateke».
Gauza horiek guztiak kontuan izanik, EAJk Hirigintza Batzordean alkateari azaldu dio «badirela pisuzko arrazoiak lizentziarik ez emateko». Herriaren eta herritarren interesak defendatzen dituen erabakia har dezaten eskatu diote, beraz, udalari.