Auzolana oinarri, ekintza bateratuak egingo dituzte Lekeitioko hiru taldek
Abaroa, Atabaka eta Lekitto Bedarra dira elkarlanean jarduerak egingo dituzten taldeak. Lehenengoa hilaren 22an egingo dute, Usotegin. Beste taldeei ere elkarlanerako gonbitea egin dieteAuzolana bultzatuz, Lekeitioko Abaroa, Atabaka eta Lekitto Bedarra...
Abaroa, Atabaka eta Lekitto Bedarra dira elkarlanean jarduerak egingo dituzten taldeak. Lehenengoa hilaren 22an egingo dute, Usotegin. Beste taldeei ere elkarlanerako gonbitea egin diete
Auzolana bultzatuz, Lekeitioko Abaroa, Atabaka eta Lekitto Bedarra taldeek elkarlanean egingo dituzte ekintza batzuk. Lehenengoa hilaren 22an egingo dute, 10:00etatik 12:00etara, Usotegi parkean.Bide beretik, herriko beste taldeei elkarlanean jarduteko gonbidapena luzatu nahi izan die Lekitto Bedarrak. «Herriko beste taldeek ere euren esparruetan auzolan ekintzak egiteko proposamena egiten badigute eskuak zabalik hartuko ditugu».
Lekitto Bedarrak bost urte beteko ditu aurten. «Urteurren horren harira, zerbait berezia egitea pentsatu eta aurtengo urtea Auzolan Urtea izendatzea erabaki genuen», azaldu dute Lekitto Bedarrekoek.
Horrela ba, otsailean Abaroa eta Atabaka taldeekin batu eta ekintza bateratuak egitea adostu zuten. «Hilero talde bakoitzaren esparruan auzolana oinarri hartuta jardunaldiak egitea erabaki genuen». Hori eginda, taldeak elkarren artean hobeto ezagutzea, helburuak partekatzea eta elkarlanean batak besteari laguntzea lortzen dela gaineratu dute.
Hiru taldeek zehaztu dutenez, hileko laugarren zapatuan egingo dituzte ekimenak. Hala, Usotegikoaren ostean, maiatzaren 27an (Abaroan) eta ekainaren 24an (irlan) bilduko dira.
Eta hilaren 22an Usotegin egiteko hainbat jarduera prestatu dituztela jakitera eman dute Lekitto Bedarrekoek. «Lekitto Bedarraren arlo nagusia ortugintza denez, egun horretako ekintza nagusia horren inguruan kokatuko da.
Baina lurra prestatzeaz gain, ortuariak (tomateak, piparrak, tipulak…) ere landatuko digutu, adituen aholkuak kontuan hartuta».
Auzolan Bidea
Horrez gain, Usotegiko eskaileretan eta hormetan ere mantentze lanak egingo dituztela aurreratu dute; Zakari herriko igeltseroaren laguntza eta gidaritzapean egingo dituzte, hain zuzen ere, lan horiek.
Halaber, aurten Auzolan Bidearen 25. urteurrena ere badela gogora ekarri nahi izan dute Lekitto Bedarrekoek. «Hori ospatzeko ekintza sinboliko bat egingo dugu udan».
Herritarrak hezi eta auzolana balioan jartzeko, Lekeitioko Udalaren parte hartze arauetako auzolan atala ere martxan jartzeko baliabideak eskatu dituzte. «Modu berean, hitzaldi eta tailerrak ere antolatuko ditugu, jendea trebatu eta auzolan filosofia eta pentsaera herrian ondo txertatzeko».