Ahaztezina ez ahazteko, preso errepublikarrak omendu dituzte
Azken urteetan egin legez, Zallo hilerrian dagoen muralaren aurrean omendu dituzte Gernikako ospitale militarrean hil ziren 270 preso errepublikarrakGernikako ospitale militarrean hildako 270 preso errepublikarrak gogoan izan dituzte aurten, berriro, G...
Azken urteetan egin legez, Zallo hilerrian dagoen muralaren aurrean omendu dituzte Gernikako ospitale militarrean hil ziren 270 preso errepublikarrak
Gernikako ospitale militarrean hildako 270 preso errepublikarrak gogoan izan dituzte aurten, berriro, Gernika-Lumoko Zallo hilerrian egindako ekitaldian. Piper Gorri elkarteak deituta, hildakoen zerrenda biltzen duen muralaren aurrean batu ziren herenegun arratsaldean. Elkarteko kide Jose Angel Txato Etxanizek azaldu legez, ospitale militarrean hil ziren biktimek gizartearen «aitortza behar dute, oraindik orain ez dute eta».Hala, ahaztezina ahaztu ezin delako, orain arteko ahanzturari buelta eman nahi diote Piper Gorri elkarteko kideek, oroimena landuz.
Orain arteko bidea luzea izan da, eta, Etxanizen esanetan, prozesuaren beste etapa bat izango da aitortza lortzea: «Gure egunerokotasuneko lekuak heriotz-gune legez ikusteak zirrara eragiten du».
Horren adibide da gaur egungo Gernika BHI insitutua, garai batean Agustinoen eskola eta komentu izandakoa. «Heriotz guneak datorkiguz burura, suntsitutako hiriburuak, arma kimikoekin eraildako pertsonak… Gugandik urrun daude, eta horregatik harritzen gaitu hainbeste gure egunerokotasuneko lekuak heriotz gune bilakatuta ikusteak» aipatu zuen Etxanizek. «Pertsonekin hustu eta gune horien gainean kaleak, espaloiak, zebrabideak, dendak, eskailerak, aparkalekuak eta abar eraikitzen dituzte. Iragana bilakatu dira, baina ez ditugu sekula ahaztu behar». Berregituratutako gune horien memoria oroimenak gordeko duela ere aipatu zuen gernikarrak.
Historian bere lekua
Musika bandak lagunduta egin zieten omen Gernikan hildako errepublikarrei. Haien izenak eta adina irakurri ostean, lore eskaintza ere egin zuten, izenen zerrenda gordetzen duen muralaren aurrean. 600 gaixorentzako lekua zuen Gernikako ospitale militarrak, baina askoz preso gehiago hartu zituen 1938tik 1940ra. Guztira, 270 preso errepublikar hil ziren bertan, tuberkulosiak, tifusak, meningitisak, nefritisak edo bestelako gaitzen batek jota. Gaixotasun asko, gainera, higiene eta zaintza faltak eragindakoak ziren. Martitzeneko ekitaldian esan zutenez, ospitalaren berririk ez zuen herriak. Hala, presoak hil ostean, ezkutuan lurperatzen zituzten.
Apirilean 86 urte beteko dira bigarren errepublika aldarrikatu zutenetik, eta Piper Gorri elkarteak, herenegungo omenaldiaren bidez, gogora ekarri nahi izan ditu Frankismo garaiko lehen urteetan Gernikan bertan hil ziren errepublikarrak. «Gertakari hura ezin dugu ahaztu, eta historiaren harian bere lekua eman behar diogu, baita askatasunen alde egin zutenei ere. Memoriari eutsi behar diogu», aipatu zuten elkartekideek.
Susmoa
Herenegungo ekitaldian, gainera, errepublikarren aztarnak Zallo hilerriko lorategietan lurperatuta dauden susmoa daukatela esan zuen Etxanizek. Hala eta guztiz ere, ezer baieztatu aurretik, Aranzadi Zientzia Elkartekoek aztertu beharko dutela esan zuen.