1936-37ko bonbardaketak aztertuko dituzte mintegian
Bonbardaketak Euskadin (1936-1937) izenburupean, mintegia egingo dute Gernika-Lumon, apirilaren 24an eta 25ean.Gernika-Lumoko Bakearen Museoa Fundazioak antolatuta, mintegian historialari eta aditu ezagunak bilduko dira, 1936eko uztailaren 22tik 1937ko...
Gernika-Lumoko Bakearen Museoa Fundazioak antolatuta, mintegian historialari eta aditu ezagunak bilduko dira, 1936eko uztailaren 22tik 1937ko abuztuaren 18ra bitartean Euskal Herriaren aurka egindako 1.000tik gorako bonbardaketen azterketa egiteko.
Otxandio, Markina, Zalla, Legutio, Eibar, Bilbo, Durango, Lekeitio, Gernika… hainbat izan ziren faxistek bonbardatu zituzten herriak, eta, analisia egiteko, Gernika-Lumon bilduko dira Angel Viñas, Paul Preston, Xabier Irujo, Patxi Juaristi, Aitor Miñambres, Jesus Gutierrez, Joseba Agirreazkuenaga, Jon Irazabal, Iñaki Goiogana eta Iosu Galarreta.
Aire erasoak aztertzea
Estatu kolpea baino hilabete batzuk lehenago, altxamenduaren protagonistek laguntza militarra eskatu zioten Mussoliniri; estatu kolpearen ostean, berriz, Hitlerrengana jo zuten.
Hala, Aviazione Legionaria (AL) eta Condor Legioa (LC) Francoren zerbitzupean borrokatzera bidali zituzten italiarrek eta alemaniarrek. Iparraldeko Aire Indarrekin batera, 1936an eta 1937an mila bonbardaketa baino gehiago egin zituzten Euskal Herrian.
80 urtera, gertakari haiek aztertzea du helburu mintegiak. Bi egunetarako egitarau oparoa antolatu du Bakearen Museoaren fundazioak, eta parte hartzeko dei zabala egin dute.
William Smallwood Egurtxiki-k Gernikako Bakearen Museoko presidenteari egingo dion dohaintzagaz emango diote hasiera mintegiari, hilaren 24an, 12:00etan.
Hain zuzen, Gernikako bonbardaketa bizi zuten lekukoei hartutako testigantzekin idatzitako liburua emango dio Egurtxikik dohaintzan.
Mintegiaren irekiera ekitaldia arratsaldean egingo dute, 16:00etan, Elai-Alai aretoan. Horretan, Gernika-Lumoko alkate Jose Mari Gorroñok, Gogora Memoriaren Institutuko zuzendari Aintzane Ezenarrok eta Bakearen Museoko zuzendari Iratxe Momoitiok parte hartuko dute.