Urteroko zaldi lasterketen lehia hartuko du bihar Karraspio hondartzak
Bost zaldizkok izena eman dute zaldi gurutzatuen proban, eta odol garbietakoan bederatzik. Bakene Erkiaga zaldizkoak eta Txus Jaio pilotuak Mendexa Abentura Park Saria lehiatuko duteZaldi lasterketak lehiatuko dituzte Mendexako Karraspio hondartzan bih...
Bost zaldizkok izena eman dute zaldi gurutzatuen proban, eta odol garbietakoan bederatzik. Bakene Erkiaga zaldizkoak eta Txus Jaio pilotuak Mendexa Abentura Park Saria lehiatuko dute
Zaldi lasterketak lehiatuko dituzte Mendexako Karraspio hondartzan bihar, 12:00etatik aurrera. Zaldi gurutzatuen lasterketarako bost zaldizkok izena eman dute, eta odol garbietakoan, berriz, bederatzi zaldizko ariko dira nor baino nor gehiago.Aurten ez da eskualdeko ordezkaririk egongo, eta partaide gehienak aurreko urteetan ere proba lehiatutakoak izango dira. Besteak beste, Durangoko, Zumaiako, Donostiako, Lasarteko eta Guriezoko zaldizkoak batuko dira bihar.
Aipatu bi lasterketagaz batera, proba «ikusgarria» burutuko dute Txus Jaio markina-xemeindar pilotuak eta iazko zaldi lasterketaren irabazle Bakene Erkiaga berriatuar zaldizkoak.
Jaiok 2.540 metroko zirkuitua burutuko du Mitsubishi Evo 4×4 330 CV autoagaz, eta Erkiagak, ostera, 1.785 metroko ibilbidea osatuko du Lanbro zaldiagaz. Erronkaren irabazleak Mendexa Abentura Park Saria jasoko du.
Hamar urte baino gehiago dira zaldi lasterketak lehiatzen dituztela, eta lasterketagaz batera, iaz, lehenengoz, motorraren eta zaldiaren arteko lehia antolatu zuten. Iazko emaitza oso ona izan zenez, aurten autoaren eta zaldiaren arteko lasterketa antolatzea erabaki zuten.
Lehenengo, kanporaketak jokatuko dituzte; jarraian, Jaioren eta Erkiagaren lasterketa lehiatuko dute, eta hori amaitzean hasiko dira finalak. Gurutzatuetan kanporaketa bakarra lehiatuko dute, eta odol garbietan, ostera, bi kanporaketa.
«Zaldi kopuru polita batzea lortu dugu, eta ikuskizun ederra egongo da», esan dute Kuku-Habixa Kultur Taldeko kideek. Eguraldia lagun izango dutela eta, jende asko batzea espero dute.