San Ignazioko kaltetuek ez dakite oraindik euren etxeetara noiz itzuliko diren
Finantzaketa falta tarteko, udalak ezin die datarik zehaztu kaltetuei. Teknikariek 2. segurtasun maila lortzearen garrantzia azpimarratu dute. Urgentziako lanak hasteko behar da diruaOndarroako Udalak San Ignazioko kaltetuekin herri batzarra egin zuen ...
Finantzaketa falta tarteko, udalak ezin die datarik zehaztu kaltetuei. Teknikariek 2. segurtasun maila lortzearen garrantzia azpimarratu dute. Urgentziako lanak hasteko behar da dirua
Ondarroako Udalak San Ignazioko kaltetuekin herri batzarra egin zuen herenegun, Kalare Deuna kofradian. Bilera horretan egon ziren baita ere mendian lanean ari diren teknikariak. Azken horiek, hain justu, 2. mailako segurtasun maila lortzearen garrantzia azpimarratu zuten. Lanak ordaintzeko finantzaketa faltan, udalak ezin izan zien esan kaltetuei noiz bueltatu ahalko diren etxeetara.Herenegungo batzarrean azaldu zutenez, emergentziazko lanak amaitu egingo dira, baina hurrengo fasea, alegia, urgentziazkoa hasteko dirua behar da.
Herri batzarrean udalak esan zuen Bizkaiko Foru Aldundiagaz eta Eusko Jaurlaritzagaz lortutako akordio ekonomikoaren berri ematea gustatuko litzaiokeela. Baina hori ezinezkoa izan zen. Izan ere, udal ordezkariek esan zuten bi erakundeen erantzunaren zain jarraitzen dutela. Hain justu, udalak ondoko proposamena egin zien bi erakundeei: emergentziazko eta urgentziazko lanak Jaurlaritzaren eta aldundiaren artean ordaintzea, eta udalak desjabetza eta etxeen konponketa gastuak bere gain hartzea. Bi erakundeek proposamena aztertu eta martxoa amaitu orduko erantzun bat emateko konpromisoa hartu zuten, baina udalak oraindik ez du erantzunik jaso.
Mendian lanean ari diren teknikariek azaldu zutenez, mendiaren egoera zelakoa den jakiteko neurgailu antzerako batzuk ipini dituzte zenbait gunetan. Oro har, irudiekin lagunduta, kaltetu guztiek ulertzeko moduko azalpenak ematen saiatu ziren teknikariak.
Egoera horren aurrean, kaltetuak gauzak asko luzatzeko beldur dira. Eta ezjakintasuna tarteko, beste herri batzarrik egingo den galdetu zieten udal ordezkariei. Azken horiek esan zuten behar duten guztietan herri batzarrak egiteko prest daudela.
Dena dela, udal ordezkariek argi utzi nahi izan zieten kaltetuei egoera konpondu arte lanean eta erakundeekin batzartzen jarraituko dutela.
Egindako diru ekarpenak
Momentuz, lur jausiak eragindako kalteak konpontzeko diru ekarpena egin dutenak ondokoak izan dira: Ondarroako Udala (3,5 milioi), Espainiako Gobernua (2,15 milioi), Eusko Jaurlaritza (2 milioi) eta Bizkaiko Foru Aldundia (1,5 milioi). Lanen kostua 17 milioi eurokoa da.