Emakumeen lasterketa jokatuko dute datorren astean, Busturian
Emakumeen Euskaldun Torneoaren barruan, Busturiko Udala Saria lasterketa lehiatuko dute Busturian, hilaren 23an (domeka). Udalerrian antolatzen duten emakumeen lehenengo lasterketa da, eta Busturia TTko kideek zehaztu dutenez, emakumeen txirrindularitz...
Kadete, junior, 23 urtez azpiko eta elite mailako txirrindulariek lehiatuko dute datorren asteko proba. Kadeteek 34 kilometroko lasterketa burutuko dute, juniorrek 67 kilometrokoa eta 23 urtez azpikoek eta elite mailakoek, berriz, 87 kilometrokoa.
«Kadeteetan Amaia Lartitegi txirrindularia oso ona da, eta emaitza onak lortzen ari da. Orain arte Espainiako Kopan lehiatutako bi lasterketa irabazi ditu, eta sailkapen buru da», azaldu du Ismael Bilbao taldeko presidenteak.
Hain zuzen ere, domeka eguerdian Altamirako kultur etxean eta Ekoetxea Urdaibain batu ziren Busturia Txirrindulari Taldeko kideak, 2017ko denboraldiko taldea aurkezteko.
7-14 urte bitarteko umeen mailan hemeretzi txirrindulari, kadeteetan (15-16 urte) bederatzi txirrindulari eta gazte mailan (17-18 urte), berriz, hiru txirrindulari daude.
Lan txukuna egiteko prest eta gogotsu daude Busturia TTko kideak, eta esate baterako, gazteek bihar Durangon dute hurrengo lasterketa: Durango-Durango II. Aitor Bugallo memoriala. Hilaren 22an, berriz, kadeteek eta gazteek Taldekako Bizkaiko Erlojupeko Txapelketa jokatuko dute Urdulizen.