Mendizorrotzan ere ezin
Lointek Gernika Bizkaiak galdu egin zuen zapatuan Lacturale Araskiren kontrako kanporaketaren bigarren partidua. Porrotagaz, denboraldia amaitu da gernikarrentzatPlay off-etako bi partidak galduta, 2016-2017 denboraldia amaitu da Lointek Gernika Bizkai...
Lointek Gernika Bizkaiak galdu egin zuen zapatuan Lacturale Araskiren kontrako kanporaketaren bigarren partidua. Porrotagaz, denboraldia amaitu da gernikarrentzat
Play off-etako bi partidak galduta, 2016-2017 denboraldia amaitu da Lointek Gernika Bizkaiarentzat. Zapatuan Gasteizen lehiatu zuten ligako titulua lortzeko kanporaketaren bigarren partida, eta etxeko taldea 57-54 nagusitu zen.Kanporaketa parekatua izan da, eta horren adierazle dira Malosteko zein Mendizorrotzako emaitzak. Bietan hiru puntuko aldeagaz irabazi du Lacturale Araskik. Zapatuan talde gernikarrak hartu zuen aurre markagailuan. Sentsazio onekin jokatzen hasi ziren, eta 0-10ko partziala lortu zuten hasierako minutuetan. Bitartean, Tudanca jokalaria buru zutela, etxekoak aldea gutxitzeko ahaleginean zebiltzan. Aldalurren hirukoagaz 12-13ko markagailua lortu zuten, eta ondoren, Asurmendiren hiruko jaurtiketa bikainagaz, Lointek Gernika Bizkaiak 4 puntuko errentagaz amaitu zuen lehen laurdena (12-16).
Bigarren laurdenerako Mario Lopezek Garcia eta Diez kantxaratu zituen, eta Mokangok eta Llorentek barrualdeko bikotea osatu zuten. Diez kapitainaren hirukoagaz, 14-21ko markagailuagaz jarri ziren, baina Aldalur Araskiko jokalariak berehala erantzun zion.
Partida ikusgarria
Lehia bizia kantxan, eta harmailetan giro ikusgarria. Bigarren laurdenean etxeko taldeak gernikarrak baino hobeto jokatu zuen. Urrutiko jaurtiketetan asmatuz, 8-0ko partziala eskuratu, eta markagailuari buelta ematea lortu zuen (22-21). Lointek Gernika Bizkaiako jokalariei zenbait minututan jokaldietan asmatzea falta izan zitzaien. Hala ere, Diezen hirukoagaz 24-24ko berdinketa heldu zen, eta etxekoek hutsartea eskatu zuten.
29-28ko markagailuagaz joan ziren aldageletara, eta hirugarren laurdenean hasierako boskotea kantxaratu zuen Lopezek. Lacturale Araskiko Silva joko antolatzailea giltzarria izan zen, eta Lointek Gernika Bizkaiari dagokionez, Mokango pibota nabarmendu zen batez ere.
Azken minuturaino
44-38ko emaitzagaz amaitu zuten hirugarren laurdena, eta azken txanpa hastean, Armstrongen urruneko jaurtiketekin aldea puntu bakarrera murriztea lortu zuten gernikarrek: 44-43. Etxekoek eskatutako hutsartearen ostean, Armstrongen eta Mokangoren jokaldi bikain baten ostean markagailuan aurretik zen Lointek Gernika Bizkaia.
3-10ko partzialagaz, Araskiko jokalariak urduri jarri, eta Diez kapitainaren hirukoaren ostean, 4 puntuko aldea eskuratzean (47-51), harmailetan ziren 100 bat zaleak zutik jarri ziren. Azken minutuak tentsio eta emozio handikoak izan ziren. Finalerdia lehiatzeko aukera zegoen jokoan, eta bi taldeek bazekiten ezin zutela hutsik egin.
Partida amaitzeko 4 minutu eta 46 segundoren faltan, Pinak min hartu, eta kantxa utzi behar izan zuen. Bi minuturen faltan (51-51), garaipena edozeinentzat izan zitekeen. Asurmendiren jaurtiketa libreekin 51-53 jarri ziren, eta Araskik berehala erantzun zuen (54-53). Azken jokaldietan hirukoekin saiatu arren, jaurtiketa libreekin handitu zuten markagailuko aldea.