Eusko Alkartasunaren gazteek Nazio Batzarra egingo dute Gernika-Lumon. Hain zuzen, EH Bilduren eta gazteen arteko harremanari buruz eztabaidatuko dute. “Eztabaida euskal gazteriari eskaintza politiko erakargarri bat egiteko koalizioan beharrezkoak diren aldaketetan oinarrituko da”, azaldu du gazte erakundeak.
Urtarrilaren 14an bildu zen nazio batzordea, eta, bertan, onartu zuen EH Bilduren berrantolaketa prozesuaren inguruko barne eztabaidari hasiera ematea, koalizioak etorkizuneko erronkei aurre egiteko behar zituen aldaketez eztabaidatzeko, eta, bereziki, gazteei eskaintza erakargarria luzatzeko asmoz. Lurralde, eskualde eta maila lokalera eraman dute Gazte Abertzaleek eztabaida, eta Nazio Batzarrak lau puntutan oinarritutako adostasuna onartu du.
Batetik, EH Bildu koalizio elektoralaren figura “amortizatutzat” eman dute Gazte Abertzaleek, gehiagorako ematen ez duen formula mugatu eta estua dela iritzita. Ezkerreko independentismoak erronka politiko eta elektoralei aurre egiteko koalizioaren formula ez da lanabes egokia, EAko gazteen esanetan. Bestetik, EH Bilduren izaera estrategikoa babestearen alde egin dute. Hirugarren, pertsona gazteen parte hartzerako eta ahalduntzerako EH Bilduren barnean gazte espazioaren sorrera ziurtatzea eskatzen dute, erakunde politikoetara lotutakoentzat nahiz ez daudenentzat. Gazte Abertzaleak erakundeak espazio horren antolamendua maila ezberdinetan eta bozeramaile parekideekin osatzea proposatu du.
Azkenik, EH Bilduren berrantolaketa prozesuan gehienezko inplikazioa eskatu diete gazteek Eusko Alkartasunaren militantziari eta zuzendaritzari.
Aberri Asteburua. Apirilaren 16an Aberi Eguna Gernikan ospatuko du Independentista Sareak. Hala, Gernika Batzordearekin batera deitu duten manifestazioan ere parte hartuko du Gazte Abertzaleak-ek.
Aberri asteburua deitu diotenaren baitan, formkuntza saioak, eztabaidak edota bisita kultural eta politikoak egingo dituzte, besteak beste. Apirilaren 14tik 16ra, gainera, Kataluniako, Galiziako, Valentziako, Andaluziako, Galeseko eta Veneziako gazteen delegaritzak etorriko dira Gernika-Lumora. Gazte Abertzaleek esan legez, “Europako herri ezberdinen egoera eta borrokak ezagutzera emateko asmoz” gonbidatu dituzte.
Aberri Asteburua. Egitaraua.
Apirilak 14.
–
18:00. Harrera Gernika aterpetxean.
–
19:00. Formakuntza saioa: gazteak eta instituzioak.
–
21:00. Afaria.
–
22:30. Zine Foruma:
I, Daniel Blake.
Apirilak 15.
–
10:00. Juntetxera bisita.
–
11:30. Gernika ezagutzen.
–
14:00. Bazkaria.
–
16:30. Nazio Batzarra.
–
18:30. Denbora librea.
–
21:00. Afaria nazioarteko delegaritzarekin.
Apirilak 16.
–
12:00. Independentistak Sareak eta Gernika Batzordeak deituta, manifestazioa.