Amaitu gabea amaitzeko oihua
Gernika-Lumoko Sarek 1937tik 2017ra bitarteko preso eta iheslarien oroimena bildu du liburuxkan: 'Oroimenen Erradiografia'. Zapatu eguerdian egin zuten aurkezpen ekitaldia, herritarren parte hartzeagaz.Oroimenen Erradiografia 1937-2017. Hala du izena G...
Gernika-Lumoko Sarek 1937tik 2017ra bitarteko preso eta iheslarien oroimena bildu du liburuxkan: ‘Oroimenen Erradiografia’. Zapatu eguerdian egin zuten aurkezpen ekitaldia, herritarren parte hartzeagaz.
Oroimenen Erradiografia 1937-2017. Hala du izena Gernika-Lumoko Sarek zapatu eguerdian aurkeztu zuen liburuak. Udalerriko eta inguruko herrietako preso eta iheslarien erradiografia osatu dute. Izan zirenak eta direnak. «Bide bat ehundu dugu. 80 urtetan Gernika eta inguruko euskal preso eta iheslarien izen-abizenek oroimena dute gaur, eta egungo gernikar eta ingurukoek beraien historia den aletxo hau ere ezagutu ahal izango dute», aipatu zuten.Aurrerantzean ere erradiografia osatzen jarraituko dute, eta horretarako herritarrei azterketa lan horretan parte hartzeko gonbidapena luzatu diete. Etxean galdetuz, liburuetatik datuak eskuratuz, sare birtualean nabigatuz edota adinekoei galdetuz, denen artean ahalik-eta erradiografiarik osatuena lortzeko. Bitartean, aurkeztutako dosierra www.saregernika.eus atarian jarri dute; informazio gehiago eskuratu ahala berrituko dute.
Zabaltzeko tresna
Liburua memoria lantzen duten talde eta norbanakoentzat zein sarekide eta gernikar eta inguruko herritar guztientzat «tresna bat» izatea gura dute. Ezagutzeko, partekatzeko eta zabaltzeko tresna izatea espero dute, «baina batez ere, hausnarketa eta transmisiorako erreminta izateko tresna» izatea gura dute.
1937ko apirilean hasi, eta 2017ko apirilean argia ikusi duen amaitu gabeko oroimen erradiografia amaitzeko beharra aldarrikatu zuten zapatuan, oraindik egiteko asko dagoela gogora ekarriz: «Batetik, Oroimen Erradiografia hau hobetzeko, datuak gehituz, informazioa bilduz, eta sarea ehunduz. Eta bestetik, erradiografia honetan agertzen diren Ibon, Eneko, Oier, Kepa eta Jabi lehenbailehen etxean egon daitezen bultzatuz, oroimen herritarrean gera dadin beraien erradiografia».
Astratik Pasealekura
Astrako bunkerrean hasi zuten zapatuan liburuaren aurkezpena, eta ondoren, giza katean joan ziren Pasealekura. Bunker barruan, Lauaxetaren olerkian oinarritutako Ken Zazpiren Mendigoxaliarena kanta entzunez, 36ko gerratik gaur egunera eskubideen urraketa sistematikoa jasan dutenak gogora ekarri zituzten.
«Oroimena oroimin bihurtua. 80 urtetan zenbat izen, aurpegi, bizitza, familia eta lagunek ezagutu dute eskubideen urraketa sistematikoa? Zenbatek etxea eta etxekoak atzean utzi behar izan dituzte? Zenbat eraman dituzte etxetik urrun? Zenbat emakumek, emakume izateagatik, pairatu dute eskubideen urraketa hau?». Galdera gehiegi direla aipatu zuten, erantzun herritarrik gabe. «Dena hastera goaz. Amaitu gabekoa, amaitzeko. Guztion artean», azpimarratu zuten.
Beste alde batetik, Pasealekuan egin zuten ekitaldia ere musikaz eta bertsoz girotu zuten zapatuan. Moises Enbeitak haren aita Balendin Enbeitaren bertso bat kantatu zuen, eta jarraian, Arranoko Koruko kideen laguntzagaz, Txikia abestia ere kantatu zuten.