Gernika-Lumoko?EH Bilduk aurkeztutako helegitea aintzat hartu eta udalak zerbitzu lanak kontratatzeko aurkeztutako baldintza orriak legez kanpokoak direla ebatzi du Kontuen Inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoak (KEAO). Eusko Jaurlaritzaren menpeko erakundearen ebazpenaren ostean, Gernika-Lumoko Udalak mantenu zerbitzuak egiteko kontratazio baldintzak egokitu eta berriro aurkeztu beharko ditu. EH Bilduko kide Jose Ramon Bilbaok azaldu duenez, baldintza orrietan dokumentazioa falta zelako, gehienezko prezioaren deskontuaren gainean muga bat jartzeagatik eta kontratuak legez kanpo luzatzeko aukera jasotzen zituelako jarri zuen koalizioak udalak onartutako dokumentuen kontrako helegitea.
Hain zuzen, Bilbaoren esanetan, kontratua luzatu gura dioten zerbitzu hori beharrezkoa dela justifikatzen duen txosten juridikoa falta zen udalak aurkeztutako pleguetan. Gainera, lizitatu nahi zuten enpresei gehienezko aurrekontuaren gainean %10etik gorako deskontua egitea eragozten zien udalak kontratazio baldintza berrietan. Halaber, kontratua amaituta eta legezko luzapenak gaindituta, kontratu hori luzatzeko aukera kentzeko ere eskatu du EH Bilduk. Izan ere, Gernikako bide publikoen espaloiak, plazak eta oinezkoentzako zein ibilgailuentzako guneak konpontzeko edo elementu estrukturalak apaintzeko eta mantentzeko lanen ardura duen enpresak amaituta dauka lau urteko kontratua, baita legeak onartzen duen sei urtera arteko luzapena ere.
Aurrekaria. Hala, Bilbaok dio udalaren ardura dela kontratua eta luzapenak agortu orduko baldintza orri berriak aurkeztea. Koalizioak dio «behin eta berriro» ohartarazi diola udal gobernuari pleguak legez kanpokoak zirela; «baina gure iradokizunak baztertzeaz aparte, mespretxatu ere egin zituzten. Horren aurrean, kontratu publikoen lizitazioen legezkotasunaz arduratzen den erakunde ofizialara berri eman eta baldintzen aurkako errekurtsoa jartzea erabaki genuen», diote.
Beraz, KEAO-k aldeko ebazpena eman ondoren, Gernika-Lumoko Udalak baldintza orri berriak aurkeztu behar ditu zerbitzu lan horien kontratazio berria egiteko. Baldintza orri horiek, lanen beharrezkotasuna ziurtatzen duen txosten juridikoa jaso beharko dute, enpresek egin nahi duten eskaintzanbeherapen mugarik ezingo du zehaztu udalak eta, kontratuaren iraupena eta legez onartutako luzapenak agortuta, kontratua luzatzeko aukera kendu beharko du baldintzetatik.
Gernika-Lumoko EH Bilduk espero du udalak plegu berriak aurkeztea biharko osoko bilkuran. Jose Ramon Bilbaok esan duenez, KEAO-ren ebazpen horrek aurrekari bat zabaltzen du, «udalean badaudelako hainbat kontratu plegu berriak aurke