Azken urteetako izurri kaltegarrienetakoari aurre egiteko asmoz, Bermeoko Udalak Bizkaiko Foru Aldundiak
Asiako liztorraren izurria kontrolatzeko martxan duen kanpainan parte hartzen du 2015. urtetik. Joan den urtean, adibidez, Basalaneko teknikariek
60 liztor habia inguru kendu zituzten udalerrian, hirigunean zein landa auzoetan, intsektizida ekologiko bat erabilita.
45 tranpa homologatu jarriko dira herriko puntu ezberdinetan
Udaletik adierazi dutenez, kanpaina horretaz gain,
neurri gehigarriak hartzea erabaki dute, eta udalerrian zein landa auzoetan asiar liztor kolonia edo habia berrien kopurua murrizteko,
Asiako liztor erreginak harrapatzeko kanpaina bat martxan jarri dute; martxoan hasi ziren eta maiatzera arte luzatuko da.
Asiako liztorra Euskal Herrira orain zortzi urte inguru heldu zela, eta oso azkar zabaldu dela adierazi du Amaia Elorza, Bermeoko Lurgintza zinegotziak. Horrekin batera, eragindako kalteak hainbat dira. Esaterako, asiar liztorrek intsektu mota asko jaten dituzte, erleak batik bat; fruta arboletan kalteak sortzen dituzte eta bere ziztada arriskutsua da gizakientzako.
Gaizka Aurrekoetxea ingurumen teknikariaren esanetan “joan den udazkenean jaiotako liztor erreginak, negua igaro ostean, martxotik aurrera, loalditik izartu eta habia txiki bat eraikitzen hasten dira kolonia berri bat sortzeko”. Harrapatutako erregina fundatzaile bakoitza, gerorako habia bat gutxiago izango dela kontuan izanik, erreginok harrapatzeko momenturik aproposena udaberri hasiera dela nabarmendu du.
Arazoari aurre egiteko, beraz, Bermeoko Udalak martxan jarritako kanpainan, iaz liztor habiak aurkitu zituzten lekuetan, hiriguneko etxebizitzetan salbu,
45 tranpa homologatu jarriko dituztela jakitera eman dute. Aurrekoetxeak esandakoaren arabera, “tranpa barruan liztorrentzako garagardo beltz, ardo zuri eta ahabia zukuz osaturiko likido erakargarri bat jarriko da, eta liztor erreginak tranpa barrura sartzen direnean, bertan harrapatuta gelditzen dira”.
Hala ere,
hiriguneko bost lekutan ere jarriko dituzte tranpa horiek: Erreten, Atalde, San Martin auzoa, Landabaso industrialdea eta Tala. Honekin lotuta, Bermeoko Udalak tranpen banaketa antolatzeko, toki bakoitzeko jabeekin harremanetan jarriko da zuhaitz zein balkoietan eskegi ahal izateko baimena eskatzeko.
Kanpainaren barruan,
bi astero, apirilaren amaiera arte habia guztiak errebisatuko dituzte, likidoa berriz kargatu eta tranpa bakoitzean harrapatutakoa jasotzeko. Maiatzaren 10erako batuko dira tranpak eta ondoren jasotako datu guztiak prozesatu eta plazaratuko dira.