Sukaldari laguntzaile agiria lortzeko aukera dago
Sukaldari laguntzaile izateko ziurtagiri profesionala lortzeko aukera daukate Lea-Artibaiko bizilagunek. Ikastaroan 16 eta 30 urte bitarteko goi mailako ikasketarik ez daukaten gazte langabetuek parte hartu ahalko dute.Leartibai Garapen Agentziak koord...
Leartibai Garapen Agentziak koordinatzen duen ikastaroa apirilaren 3an hasiko dute, eta uztailaren 11n amaitu. Sukaldari laguntzaile izateko beharrezkoak diren jakintzak ezagutuko dituzte parte hartzaileek; hala nola, higiene eta osasun-baldintza eta arauak, lehengaien hornidura, elikagaien kontserbazioa, plater konbinatu eta pintxoen prestaketa eta oinarrizko plateren prestaketa.
Halaber, enpresa batean praktikak egitea ere aurreikusten du ikastaroak; gutxienez, 80 ordu.
Hala, ikastaro horretan parte hartu nahi duenak izena eman beharko du Leartibai Garapen Agentzian (Xemein etorbidea 12-A, Markina-Xemein/94-616 90 88/688 61 24 06). Ikastaroari buruzko informazio gehiago nahi duenak ere Garapen Agentziagaz harremanetan jarrita eskuratu ahalko du.
Txertatu merkatuan
Ikastaroa Txertatu merkatuan proiektuaren barruan emango dute.
Proiektua prestakuntza-maila baxua duten, ikasketak utzi dituzten eta langabezian urtebetetik gora daramaten 16 urtetik gorako eta 30 urtetik beherakoei zuzenduta dago. Gainera, unibertsitate-ikasketak utzita lanik barik dauden eta hezkuntza edo prestakuntza sistemetan integratuta ez daudenek ere parte hartu ahal dute.
Proiektuaren helburua pertsona bakoitzaren «motibazioa lortzea eta autoestimua areagotzea» da, eta bi fase ditu. Batetik, eguneroko jakintzetatik abiatuta, lan-profil bat eraikitzea ahalbidetu nahi du, eta bestetik, lan-errealitatea ezagutzeko lehen pausoa eman nahi da. Horretarako, tailer erdi produktiboak, gaitasun teknikoetan prestatzeko tailerrak edota gizarte-berrikuntzako jardunak garatzeko gaitasun-tailerrak jarriko dituzte parte hartzaileen esku.