27. Eskolarteko Dantzari Egunak 1.400 lagun batuko ditu domekan
Beste urte batez, Gernika-Lumoko ikasleak Eskolarteko Dantzari Egunean bilduko dira domekan. Ohi bezala, eguraldi ona balego, Urbietako futbol zelaian egingo lukete dantza erakustaldia; eta eguraldi txarragaz, berriz, merkatu plazan.Hain zuzen ere, dan...
Hain zuzen ere, dantzariek 11:00etan edukiko dute hitzordua Pasealekuan, eta, bertatik abiatuta, kalejiran joango dira dantza egingo duten lekuraino. Han Euskal Herriko dantzen agerraldia egingo dute: agintariena, ezpata joko txikia, banango, txotxongilo, makil jokoa, txulalai, Gipuzkoako makil txiki… eta beste hainbat.
Ohi bezala, Seber Altube ikastolakoek, Mertzede ikastetxekoek, Allende Salazar ikastetxekoek, Barrutia ikastetxekoek eta San Fidel ikastolakoek parte hartuko dute; hala, guztira, 1.400 bat dantzari elkartzea aurreikusten dute.
Halaber, 3 eta 15 urte bitarteko herritarren dantzak txistuen eta trikitixen doinuez lagunduko dituzte, eta, horretarako, Errenteriako Gazteak Txistulari taldeak eta Segundo Olaeta musika eskolako trikitixa eta txistulari taldeek parte hartuko dute.
Parte hartzen ez ezik, dantzak ikusten ere hainbat herritar biltzen dira Eskolarteko Dantzari Egunean, eta aurten ere, hala izango dela uste dute.
Ekitaldi «hunkigarria»
27. urtez ospatuko duten Eskolarteko Dantzari Egunean ere, euskal ohiturak eta psikomotrizitatea lantzea, umeen arteko harremanak bideratzea eta familia giroko ekitaldietan hizkuntza ohiturak jorratzea izango dute helburu, eta, horretarako, ekitaldi «erraldoi eta hunkigarria» antolatu dute.
Hala, «umeen gizarteratzea euskaraz eta emozioz beteriko egun bategaz gauzatuko» dutela azaldu dute.