Oihane Perez nagusitu da Bizkaia Kopa Traileko lehen proban
Bizkaia Kopa Trail liga hasi zen domekan Arrietan, eta beste hainbaten artean, Lea-Artibai eta Busturialdeko kirolariak ere egon ziren. Maila ona erakutsi zuten bertoko kirolariek; Oihane Perez gernikarra, esaterako, trail luzeko proban nagusitu zen.01...
01:54:01eko denbora behar izan zuen gernikarrak 20 kilometroko bidea egiteko; alegia, emakumeen sailkapen orokorreko bigarrenak baino minutu 1 eta 24 segundo gutxiago. Errigoitiko Leire Monasterio bosgarren sailkatu zen.
Distantzia laburra 10 kilometro egin zutenen artean, aldiz, laugarren egin zuen Gernika-Lumoko Leire Sanchezek.
Lasterka ez ezik, txakur krosean eta MTB lasterketan ere parte hartu zuten domekan.
Bizikleta gainean aritu ziren mutilen artean, adibidez, Xabi Ortuzar bermeotarrak zazpigarren egin zuen, eta Nagore Elu ondarrutarrak bigarren, nesketan. Bedaronako Bakarne Oñederra hirugarren ailegatu zen.
Txakur krosean, bestalde, Ondarroako Ioseba Iñaki Berastegik egin zuen bertokoen arteko markarik onena, zazpigarren postua eskuratuta.