Giro ederrean ospatu dute Udabirra-Fest jaia
Txorierri Garagardoak eta Etxeandia artisau bizkaitarren garagardo mota desberdinak dastatu zituzten. Goizean hasi eta arratsaldera arte, jai giroa ederrean jendetza batu zen Amorotoko frontoian.Txorierriko Txorierri Garagardoak eta Gatikako Etxeandiar...
Txorierri Garagardoak eta Etxeandia artisau bizkaitarren garagardo mota desberdinak dastatu zituzten. Goizean hasi eta arratsaldera arte, jai giroa ederrean jendetza batu zen Amorotoko frontoian.
Txorierriko Txorierri Garagardoak eta Gatikako Etxeandiaren eskutik, garagardo mota desberdinekin gozatzeko aukera izan zuten amorotarrek zapatuan Udabirra-Fest jaian.Amorotoko Kultur Taldekoen berbetan, goizetik arratsaldera arte jendetza batu zen, eta garagardoak probatzeagaz batera, udalerrian egindako saltxitxa, txistorra eta txerri okelagaz prestatutako pintxoak dastatu zituzten. Hala, eskolako umeak pastelak eta antzeko gozogintza produktuak saltzen aritu ziren.
Azken urteetako ohiturari eutsiz, pala jaialdiagaz hasi zuten goiza. Lehenengo goi mailako pala jaialdia eskaini zuten Josu Imaz eta Iban Zabala amorotoarrek eta Aulestiko Asier Galdos Enpan eta Iñaki Undagoitia Unda bikoteek. Etxekoek lortu zuten garaipena.
Ostean, Jon Arriaga eta Gurutz Arriaga amorotarrek Asier del Horno Athleticeko jokalari izandakoaren eta Mikel Goñi pilotari profesional ohiaren kontra jokatu zuten, eta partida horretan ere amorotarrak izan ziren nagusi.
Uste baino arinago amaitu zuten partida, eta horregatik, jarraian bikoteak aldatu, eta hamabost tantora beste partida bat jokatu zuten. Gurutz Arriagak eta Asier del Hornok irabazi egin zieten Jon Arriagari eta Mikel Goñiri.
Pala partidak bukatuta, Izarra eta Malen trikitilariek izan zuten frontoia girotzeko ardura. Sabelak betetzen zituzten artean, haien doinuak abestu eta dantzatzen aritu ziren asko eta asko.
Herri galdeketa
Bestalde, Amorotoko Gure Esku Dago-ko kideek herri galdeketarako galdera erabakitzeko aukera eman zieten bertan bildutako herritarrei.