Bertsolaritzen lehiaketaren finalak 108 lagun bildu ditu
Bertsolaritzen bertso idatzien lehiaketaren finala jokatu zuten domekan 108 lagunek, Mendatan. Horien guztien artean, maila bakoitzeko irabazle eta txapeldunorde bana izendatu zuten, eta beste askori aipamena ere egin zioten.Busturialdeko, Zornotzako e...
Busturialdeko, Zornotzako eta Munitibarko herritarrak batzen dituen bertso idatzien lehiaketa da Bertsolaritzen. Leku horietako zenbait ikastola zein ikastetxetako ikasleen artean lehiatzen da. Lehenengo, kanporaketa bat egiten dute. Eskoletatik antolatzaileengana bideratzen dituzte lehiaketan parte hartu nahi duten horien bertsoak, eta antolatzaileak izaten dira horien guztien artean gehien gustatzen zaizkienak aukeratzen dituztenak.
Oilargane elkarteko kideek azaldu dutenez, aurten, esaterako, ia 500 bat umeren bertsoak jaso dituzte, eta horien artean, gutxi gorabehera, erdiak aukeratu dituzte. Hala, aukeratutako horietako asko Mendatan batu ziren domekan, finala jokatzeko.
Hiru mailatan banatuta bertsoak idazteari ekin zioten parte hartzaileek, eta lan guztiak aztertu ostean jakinarazi zituzten irabazleen izenak.
A mailan, esaterako, Sara De la Fuente muxikarra (San Fidel) nagusitu zen; B mailan, Janire Arrizabalaga gernikarra (San Fidel, eta D mailan Ane Aldana foruarra (Gernikako Institutua).
Antolatzaileak pozik agertu dira lehiaketak izandako arrakastagaz. Halaber, inoiz parterik hartu ez duten eskolen presentzia azpimarratu dute; esaterako, Bermeoko Sagrado Corazon edota Gernika-Lumoko Mertzede ikastetxeena. Gainera, gainontzeko eskoletatik ere ume askoren lanak bidali dituztela nabarmendu dute.