Udalak herriko zarata-mapa aurkeztuko die gaur herritarrei
Ekintza plana burutzeko oinarri hartuko duten zarata-mapa gauzatu du Gernika-Lumoko Udalak, herriko toki eta ordu ezberdinetan zarata maila neurtuta. Hala, horri buruz informatu gura ditu gernikarrak, eta, horretarako, hitzordua jarri du gaurko. Hala, ...
Udalaren xedea kutsadura akustiko maila hobetzea da, eta, horregatik, zarata maila ezberdinei aurre egiteko jarduerak jaso nahi ditu. Hartara, zarata maila handiena jasaten dituzten tokiak nabarmendu eta zarata maila txikia behar duten guneak zehaztu ditu, eta horiek babesteko beharra azpimarratu du.
Zarata maila txikia behar duten gune horien artean, esaterako, ospitale eta osasun-etxea, ikastetxeak eta hirugarren adinekoen egoitzak kokatu ditu udalak. Eta jakitera eman duenez, horien artean lauk gehienezko zarata maila gailentzen dute.
Gauean, zarata gutxiago
Zarata-mapa burutzeko egindako azterketaren arabera, goizeko eta arratsaldeko zarata «antzekoa» da, eta gauekoa, berriz, «txikiagoa». Hori jakiteko, hainbat puntutan jarri dute arreta: hala nola, bideetako zaratan, trenbideak edota industriek egiten duten zaratan…
Zarata-mapa eginda, kutsadura akustikoaren aurkako Ekintza Plana ezartzea izango du hurrengo pausoa Gernika-Lumoko Udalak. Eta aurreratu duenez, sei ardatz landuko ditu bertan: garraio egiturak, hiri eta lurralde garapena, industria eta merkataritza jarduerak, eraikuntza obrak, aisialdirako jarduerak eta udalerriko beste zerbitzu batzuk.