Gautegiz Arteagak umeen sormena sustatzeko lehiaketa antolatu du
Ipuin lehiaketa antolatu du udalak, herriko umeek euskara eta sormena lantzea bultzatu asmoz. Lehiaketaren 23. edizioa izango da aurtengoa, eta lanak aurkezteko azken eguna apirilaren 24a izango da.
Hain zuzen, 7 eta 12 urte arteko umeek parte hartu ahal izango dute, eta ipuinen gaia librea izango da. Mailaka, lau kategoriatan banatuko dituzte parte hartzaileak. Lanak Aretxederreta Kultur Etxean aurkeztu beharko dira, 17:00etatik 20:30era, edo Montorre eskolan.
Ipuinak gutunazal handi eta itxi batean aurkeztu beharko dira. Horretan, idazlearen adina eta ipuinaren izenburua karri behar dira. Gutunazal handi eta itxiaren barruan, beste gutunazal txikiago batean, ipuinaren izena eta egilearen datuak jarri beharko dira (izen-abizenak, adina, helbidea eta telefonoa).
Sari banaketa apirilaren 28an egingo dute, 17:00etan, Aretxederreta kultur etxean.
Herriko alkate Juan Felix Naberanek esan du herriko umeen sormenaz “harro” daudela. “Gure kulturari egiten dioten ekarpena berau kontserbatzeko funtsezkoa da, baita euskara eta kultur sormena sustatzeko tresna berriak sortzeko ere”, gaineratu du.
Kategoriak:
– Lehenengo kategoria: 2010. urtean jaiotakoak.
– Bigarren kategoria: 2009 eta 2008 urteetan jaiotakoak.
– Hirugarren kategoria: 2007. urtean jaiotakoak.
– Laugarren kategoria: 2006 eta 2005 urteetan jaiotakoak.