Gernika-Lumoko Gure Esku Dago-k udaletxeko atarian egin du gaur eguerdian agerraldia. Herritarren babesarekin egin dute, eta adineko, gazte zein umeak batu dira herri mugimenduak egindako deialdira. Hain zuzen, hurrengo domekan –apirilaren 2an– herritarrek erabakitzeko eskubidea gauzatzeak duen garrantzia azpimarratu dute ekitaldian.
Gernika-Lumon apirilaren 2an 16 urtetik gorako 14.254 herritarrek edukiko dute botoa emateko eskubidea. Ekitaldian irakurri duten adierazpenak zioenez, “arrantzale, nekazari, irakasle, tabernari, dendari, tailerreko langile edo fabrikakoa, kuberteriakoa zein automoziokoa, mendizale eta hondartzazale, surflari zein futbolari, errugbilari, arraunlari… guztion artean osatzen dugu Busturialdea”.
Hala, etorkizunean ere, Busturialdea horiek guztiek osatzen jarrai dezatela da xedea, “etorkizunean ere bertako parte izan gura dugu”, esan dute. Halaber, duela 80 urte espainiar estatuaren aginduz herria eta herritarrrak bonbardatu zituztela ere gogora ekarri dute gaurko agerraldian. Eta, orduan, gernikarren ahotsa isilarazten saiatu ziren arren, herria berreraikitzea lortu zutela azpimarratu dute, etorkizunaren eraikuntzan ere parte hartu gura dutela gaineratuz. “Horrexegatik, apirilaren 2an erabaki gura dugu, erabakiko dugu. Busturialdea ere Euskal Herriaren parte den neurrian, estatu independentea edo orain arteko lotura gura dugun erabakiko dugu”, esan dute. Kontsulta ahalik eta bermerik handienarekin antolatzeko, gainera, Kresaletan elkartea sortu zuten.
Busturialdea ere Euskal Herriaren parte den neurrian, estatu independentea edo orain arteko lotura gura dugun erabakiko dugu”
Botoa emateko gonbidapena. . Gernika-Lumon guztira hamar mahai jarriko dituzte apirilaren 2an, herriko toki ezberdinetan, Lurgorritik Errenteriaraino. Egun horretan hautesmahaiak 09:00etan irekiko dituzte, eta 20.00ak arte eman ahal izango dute herritarrek botoa. Kontsulta egoki burutzen dela ziurtatzeko, gainera, berme batzordeko, kontrol batzordeko eta jarraipen batzordeko kideak zein boluntario lanak egingo dituzten 60 pertsona baino gehiago egongo dira herrian apirilaren 2an.
Denok batera herri bat gara, eta izan nahi dugu”
Gure Esku Dagok argi esan du apirilaren 2an emaitza ez dela garrantzitsuena izango, parte hartzea baizik. Horregatik, botoa ematera gonbidatu dituzte horretarako eskubidea duten herritar denak: “Denok batera parte hartu eta erabaki, elkarrekin ikasi, egin, ekin gura dugu”. Gernika-Lumoko Gure Esku Dago-k duela bi urte sortu zuen abestia gogora ekarrita, bost atzamarrek esku bat egiten duten bezala, milaka eskuk herri bat egiten duela nabarmendu dute. Apirilaren 2an zein aurrerantzean egingo diren herri kontsultei babesa eman, eta batera jotzearen garrantzia aipatu dute: “Denok batera herri bat gara, eta izan nahi dugu”.
Eguerdiko agerraldia ez ezik, Gernikako Gure Esku Dago-k ekimen ezberdinak antolatu ditu gaurko. 19:00etatik 21:00etara pintxopotea egingo dute Juan Calzada kalean, Tuka-Tukada batukadaren laguntzarekin. 21:0etatik aurrera kontzertuak egongo dira Astran: Sueder + Dientes de Luna + Sarkor + The Uski’s + Dj Tpr. Sarrera 4 euro ordaindu behar da.