Euskararen erabilerari buruzko tailerra emango dute Ean, bihar
Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen teknikarien laguntzagaz, Sendotu arnasguneak gure herritik hasita izenburupean tailerra antolatu du Eako udalak biharko.18:00etan elkartuko dira Eskolondon, eta parte hartu nahi dutenek telefono zenbaki honetara m...
18:00etan elkartuko dira Eskolondon, eta parte hartu nahi dutenek telefono zenbaki honetara mezua bidaltzeko edo deitzeko eskatu dute: 649 35 48 34 edo bestela, helbide elektroniko honetara mezu bat idaztea: kultura.ea@bizkaia.org.
Uemako teknikariekin euskararen ezagutzari eta erabilerari buruzko saio batean bildu ziren abenduaren 2an.
Orduan, ahulguneak eta indarguneak identifikatu zituzten, eta barikuko bigarren saio honetan, ondorio haiei erantzuteko jarrerak eta baliabideak landuko dituzte.
Hau da, arazoei irtenbidea emateko, eta indarguneak sendotzeko ekintza zehatzak proposatzea da biharko tailerraren helburua.
Arritxu Zelaia Euskara eta Kultura zinegotziak azaldu duenez, lehenengo saio hartan arnasguneei buruzko azalpenak eman zituzten Uemako teknikariek, eta bertan bildutakoekin azken urteetan udalerrian euskararen ezagutza zein erabilera jaitsi izanaren arrazoiak aztertu zituzten.
Lehenengo tailerrean parte hartu zutenek erabilera jaitsi izanagatik kezka handia erakutsi zuten, eta, esate baterako, zenbait gaztetxok eta gurasok gazteleraz berba egiteko joera nabarmena daukatela ondorioztatu zuten, eta baita tabernetan ere gaztelania egiteko joera handia dagoela.
Halaber, erabilerari dagokionez, Ea, Natxitua eta Bedaronako egoera desberdina dela ohartu ziren.
Besteak beste, Bedarona auzoa arnasgune «garbia» dela eta herriko dendetan euskaraz egiten dela ikusi zuten. Horregaz batera, umeek etxean gaztelania asko entzuten dutelako kezkatuta agertu ziren, horrek eragin zuzena duelako haien hizkuntza hautuetan.
Era berean, indarguneetan aztertu zutenez, egunerokotasunean herriko euskaran «erreferente» diren herritarrak daude, eta badaude euskaraz jarduten duten kuadrilla osoak.
Erreferente diren bizilagunak gonbidatu zituzten lehenengo saiora, eta bigarrenerako ere gonbidapen gutuna jaso dute.