Esperientziak partekatzen
Belaunaldien arteko transmisioa lantzeko proiektua daukate esku artean Ispasterren. Eskolak eta gurasoen eta adinekoen elkarteek zenbait ekintza burutuko dituzte elkarregaz.Belaunaldien arteko transmisioak daukan garrantziaren eta sortzen duen aberasta...
Belaunaldien arteko transmisioa lantzeko proiektua daukate esku artean Ispasterren. Eskolak eta gurasoen eta adinekoen elkarteek zenbait ekintza burutuko dituzte elkarregaz.
Belaunaldien arteko transmisioak daukan garrantziaren eta sortzen duen aberastasunaren jakitun, ezagutzak eta esperientziak trukatzeko proiektua lantzen dabiltza Ispasterko Herri Eskola, Guraso Elkartea eta Hirugarren Adinekoen Elkartea.Momentuz, ikasturte honetan elkarregaz hiru ekintza antolatzea adostu dute; hiruhileko bakoitzean ekimen bana. Abenduan egin zuten lehenengoa, eta esku artean dute bigarrena.
Ainhoa Elordi irakasleak balorazioa guztiz positiboa dela dio: «Trukatze horretan nagusiek ekarpen asko dituzte umeentzako, erakusgai asko».
Naiara Gorroño Guraso Elkarteko kideak ere esperientzia ederra bezain aberatsa dela nabarmendu du, eta Hirugarren Adinekoen Elkarteko kideen jarrera txalotu eta eskertu du: «Haiek piztu zuten metxa; haiengandik sortu zen ideia, eta proposatu zigutenean elkarteko kideok horri buruzko hausnarketa egitea beharrezkoa zela jabetu ginen».
Izan ere, 2014tik herrigunetik ibilalditxoa egiten dute elkarregaz iraileko arratsalde batean, eta esperientzia hartatik abiatuta sortu zitzaien belaunaldien arteko transmisioa sustatzeko askotariko ekintzak egitea.
Ispastertarrek Kilometrue izenez ezagutzen duten ibilbidea egiten dute, eta amaieran, txokolate janean batzen dira ume, guraso zein nagusiak. Maite Zabala Hirugarren Adinekoen Elkarteko presidenteak azaldu duenez, aurtengo ikasturte hasieran proposatu zieten eskolako irakasle eta gurasoei haien ideia. «Zer edo zer trukatzeko, antzinako ohitura zaharrak edo jolasak landu eta erakutsita, haiek berreskuratzeko prest geundela esan genien».
Ezagutzak bi noranzkoetan partekatu nahi dituzte, nagusiengandik umeengana eta umeengandik nagusiengana. Hau da, nagusien jakituria umeen artean zabaldu, eta umeek eurek ere hainbat kontu erakustea da asmoa. Aurten ez bada, datorren ikasturtean teknologia berriei buruzko saioren bat antolatu nahi dute: «Telefono mugikorrekin eta ordenagailuekin oso abilak dira, eta interesgarria litzateke horiek erabiltzen erakustea. Horrela, haiek baloratuta sentitu, eta gauza asko erakutsi ahal dituztela ikusiko lukete».
Herriarentzat onuragarria
«Ekintza politekin» noizean behin gai bat lantzea denentzat onuragarria dela azpimarratu du Gorroñok: «Ikaragarria da umeek ikasten eta barneratzen dutena. Denok parte hartzen dugu; denon artean egiten ari garena denontzat da onuragarria, eta baita herriarentzat ere».
Elordik gaineratu du, kontuan eduki behar dutela eskola ez dela herritik aparte utzi behar, edo udaletik, edo hirugarren adinekoen pertsonengandik… «Denok gara komunitate bat. Bakoitzaren jakinduriak eta ekarpenak partekatzean harremanak sendotu egiten dira, eta hemen herri txikia izanda, asko edo gutxi, denok ezagutzen dugu elkar»
Hala, modu «naturalean» sortzen diren harreman horiek sendotzearen garrantzia nabarmendu dute. Elordik dioenez, irakasle moduan halako bizipenik ez du eduki Ispasterrera etorri arte. Dagoen hartu-emana eta hurbiltasuna eredugarriak direla uste du: «Bai gurasoekin zein udalagaz, edozer eskatuz gero jendea beti dago prest, hori edonon ez daukazu, eta uste dut hori dela eskola txikiek daukaten nortasuna, eta hori mantentzea oso garrantzitsua da».
Lehen ekintza Euskaren Egunagaz bat eginda burutu zuten. Umeak, gurasoak, irakasleak eta aiton-amonak taloak prestatzen aritu ziren giro ederrean. «Eguraldi ederra lagun, giro oso ona sortu zen, taloak egiteagaz batera, abesten aritu ginen, eta herritik kalejira egin genuen».
Bestalde, bigarren hiruhilekoan bi ekintza solidario egitea da haien asmoa. Momentuz, sahararrei laguntzeko ekimena dute esku artean. 2009tik Ispasterko herria Saharako Farsia herriagaz senidetuta dago, eta hango eskola umeentzako materiala erosteko dirua lortuko dute ekintzaren baten bidez. Haien irudimenetik eta hausnarketa eginez, besteei laguntzeko modua zelan lortu ahal duten pentsarazi diete, eta esaterako, pultserak egiteko proposamena egin dute honez gero zenbait umek.
Beste elkartasun ekintzagaz, berriz, minbizia duen Lekeitioko eskolako ume bati lagundu nahi diote.
Zabala urtero joaten da Saharara, eta apirilaren 7an abiatuko da hara. Aurreko astean eskolan elkartuta hango errealitatea eta bizimodua erakusteko aurkezpen bat egin zuen. Hango beharrizanen berri eman zuen, argazkiekin osatutako ikus-entzunezkoagaz lagunduta. Eskolako ume eta irakasle guztiak eta guraso eta aiton-amona batzuk batu ziren, eta denek adi-adi jarraitu zuten aurkezpena.
Errespetua eta begirunea
Hain zuzen ere, umeek zelako errespetua adierazten duten azpimarratu du Ispasterko Herri Eskolako irakasleak: «Saharari buruz berba egiteko Maite etorriko zela jakin zutenean, jakin-minez galderak egiten hasi zitzaizkigun. Saioan oso formal eta adi egon ziren, 2 urteko umeetatik hasi eta seigarren mailara artekoek aho zabalik jarraitu zuten saioa. Ordu eta erdi egon ginen, eta ez genuen astirik eduki prestatu zuen dena ikusteko».
Datozen egun eta asteotan eskolan gaia landuko dute, eta bi eskolen arteko harremana sortu nahi dute. Horretarako, umeen marrazki, argazki edota euskarazko berbekin osatutako lanak eroango ditu Zabalak.
«Hemengo umeek nahi dutena daukate; han zelako pozik bizi diren ezer eduki barik erakustea beharrezkoa da. Hori da mezua, zelan ez den askorik behar pozik bizi izateko, eta hemen asko edukita ere batzuetan ez garela asetzen. Haiei hausnarketa hori eragitea garrantzitsua da».
«Gure garaian ez genuen halako gauzarik egiten. Eta haiek gurearen aldean zelako kultura duten ikustea ikaragarria da. Umetatik barruan sortzen zaien solidaritatea izugarria da; beste balore batzuk erakusten zaizkie umetatik, eta hori asko eskertzen dugu gurasook. Zelako baloreetan hezten ditugun gaur egun eskolan egiten duten behar itzelari esker», zehaztu du Gorroñok.
Saharatik bueltan Zabala eskolara joango da, han bizitakoa kontatzera: «Bertara joan eta bizitzea beste gauza bat da; ni abenduan joaten naiz, iaz ezin izan nuen joan, eta falta itzela igarri nuenez, aurten Aste Santuan joatea erabaki dut. Han ikusten duzunagaz beste modu batera zatoz. Hango emakumeek ematen dizkizuten besarkadak inork ez dizkizu eman. Behin doana beti bueltatzen da; oso esperientzia gogobetegarria da. Aberatsa da zentzu askotan».
2011n herriak Ainhoa Artetari egindako omenaldian ateratako diruagaz saharar emakumeekin lau kooperatiba sortu zituzten. Orduan ereindako hazitik hogei kooperatiba martxan izatea lortu dute. Dena dute idatzita. Esaterako, gutxienez lau kooperatibista izan behar dira. Horietatik bat, behintzat, nagusia izan behar da, kultura eta ohituren transmizioa bermatzeko.
Proiektuagaz hasiberriak dira; gustura dabiltza, eta momentuz lortutako emaitzekin pozik daude. Hirugarren hiruhileko ekintza oraindik ez dute zehaztu, baina ideiak badituzte. «Izan liteke sendabelarren inguruko ikastaroren bat egitea. Horri buruz asko dakien amona bat dugu, eta herriko gazte batek ukenduak egiten ditu». Egitasmoagaz jarraitzeko gogotsu daude, eta elkarlanean aurrera jarraitzeko konpromiso argia erakutsi dute.