Gautegiz Arteagako Udalak 23. Ipuin lehiaketa antolatu du
Herriko umeen artean irakurzaletasuna, euskara eta irudimena sustatu gura ditu Gautegiz Arteagako Udalak; hori dela eta, 23. Ipuin lehiaketa antolatu du, herriko 7 urtetik 12 urtera arteko herritarrei parte hartzeko aukera emanez.Ume horiek guztiek, ha...
Ume horiek guztiek, hala eta guztiz ere, kategoriatan banatuta parte hartuko dute: lehenengo mailan 2010. urtean jaiotakoek parte hartuko dute; bigarren eta hirugarrenean, berriz, 2009 eta 2008 urteetan jaiotakoek; laugarren mailan 2007an jaiotakoek, eta bosgarren eta seigarrenean, azkenik, 2006 eta 2005 urteetan jaiotakoek.
Eginbeharrekoak ere kategoriaka banatuko dituzte: hala, lehenengo mailakoek, esate baterako, gehienez, orrialde bat (marrazkia barne) egin beharko dute; bigarrenekoek eta hirugarrenekoek, gehienez, bi orrialde (marrazkia barne) eta laugarrenekoek bi orrialde eta marrazkia aurkeztu beharko dituzte.
Aipatu kategoria horietako parte hartzaileek ezingo dute ordenagailu bidezko idatzirik egin. Bosgarren eta seigarren mailetakoek, berriz, posible izango dute beraien lanak ordenagailuz egitea. Eta bateko zein bestekoek gai librea izango dutela jakinarazi du udalak; euskaraz idatzi beharko dute.
Parte hartzaileek apirilaren 24a izango dute lanak aurkezteko azken eguna. Egun hori orduko, Aretxederreta Kultur Etxean (17:00etatik 20:30era) edota Montorre eskolan aurkeztu beharko dituzte lanok.
Antolatzaileek jakitera eman dutenez, lan horiek gutunazal handi eta itxi batean aurkeztu beharko dituzte, adina eta ipuinaren izenburua zehaztuta. Barruan joan beharko dira, aldiz, ipuinaren izenburua, eta horregaz batera, egilearen datuak (izen-abizenaki, adina, helbidea eta telefonoa).
Hala, udalak jasotzen dituen ipuin horien guztien artean onenak aukeratuko dituzte, eta kategoria bakoitzeko irabazleak sarituko dituzte apirilaren 28an, 17:00etan, Aretxederreta Kultur Etxean. Egun horretan, gainera, parte hartzaile guztiek askaria izango dute aukeran.
Saridunak aukeratzeko, hain zuzen, irudimena, sormena eta aurkezteko modua hartuko dituztela kontutan jakinarazi du udalak.
«Harro gaude gure herriko neska-mutilen sormenagaz, urtetik urtera horrela erakusten digute lehiaketa horretan aurkezten dituzten balio handiko lan literarioetan. Gure kultura egiten duten ekarpena berau kontserbatzeko funtsezkoa da, eta baita ere euskara eta kultur sormena sustatzeko tresna berriak sortzeko», adierazi du herriko alkate Juan Felix Naberanek.