Gipuzkoarren eta bizkaitarren arteko derbia
70-69 amaitu zen zapatu arratsaldean, Jose Antonio Gascan. Partida ikusgarria jokatu zuten; giro ederra eta jokaldietan kalitate handia erakutsi zuten bi taldeek.
Etxekoek gernikarrek baino hobeto jokatu zuten lehenengo zatian, bigarren zatian ostera, gernikarrak nagusitu ziren.
Hala ere, lehenengo laurdenaren hasierako minutuetan bi taldeak ez ziren oso fin ibili, eta
bost puntuko aldeagaz amaitu zuten lehen laurdena: 14-9. Hasierako minutuetan gernikarren jokoan oreka falta igarri zen, eta lehen laurdenean Pinak eta Mokangok soilik lortu zituzten saskiratzeak.
Argazkia: Gernika KESB.
Bitartean, talde donostiarrak eraginkortasun handiagoa erakutsi zuen, eta
talde lan sendoagaz aurkaria gogor estutzea lortu zuen. Jokoan zuten aldea markagailuan islatu zen, eta esaterako, bigarren laurdena amaitzeko bi minuturen faltan 28-20ko markagailuagaz zeuden. Orduan heldu ziren Asurmendiren eta Armstrongen hirukoak.
39-28ko emaitzagaz ekin zioten hirugarren laurdenari. Etxeko taldeak sendo jarraitu zuen kantxan, baina, Lointek Gernika Bizkaiak egoera zailenei aurre egiten dakiela erakutsi zuen, beste behin. Taldearengan konfiantza erakutsiz, donostiarrak presionatzen hasi ziren, eta saskiratzeetan ere asmatzea lortu zuten.
Armstrongen beste hiruko baten ostean, 48-39ko markagailuagaz jarri ziren, eta segituan Mokangok baloia saskiratu eta zazpi puntuko aldeagaz zeuden. Gernika-Lumoko taldeko
jokalari denak suspertu ziren, eta partida amaitzeko hamahiru minutu falta zirela, hiru puntuko aldea zuten (48-45).
Hala ere, markagailua iraultzeko aukerak ez zituzten ondo aprobetxatu, eta akats horiei esker, IDK Gipuzkoak errenta handitu zuen:
53-47. Azken minutuetan defentsa indartzeko asmoagaz, Diez eta Llorente kantxaratu zituen Lopezek. Izan ere, 60-50ko markagailuagaz erasoan zein defentsan sendo jokatzea beharrezkoa zela bazekien Lointek Gernika Bizkaiaren entrenatzaileak.
Besteak beste, Diezen bi hirukoekin eta Asurmendiren beste batekin puntuak pilatzen jarraitu zuen talde gernikarrak, eta neurketa amaitzeko bi minuturen faltan,
64-63ko markagailuagaz zeuden. Beste behin emozio handiko partida amaiera bizi izan zuten zaleek. Pinaren hirukoagaz 65-66 aurretik jarri ziren gernikarrak, baina etxekoek berehala erantzun zuten. Gero, 70-69ko emaitzagaz zirela Pinak eskuetan izan zuen garaipena, baina haren saskiratzea ez zen sartu.