Udalak hiri-ortuak banatuko ditu
Beko Ibarran 141 ortu egokitu zituen udalak, eta esleitzeko falta diren 90 lursailak banatuko ditu. Herritarrek martxoaren 28ra arte daukate eskaera egiteko aukeraPiperra eta Gatza proiektuaren baitan, hiri-ortuak banatu zituen Gernika-Lumoko Udalak 20...
Beko Ibarran 141 ortu egokitu zituen udalak, eta esleitzeko falta diren 90 lursailak banatuko ditu. Herritarrek martxoaren 28ra arte daukate eskaera egiteko aukera
Piperra eta Gatza proiektuaren baitan, hiri-ortuak banatu zituen Gernika-Lumoko Udalak 2016ko urtarrilean. Nekazaritza ekologikoa sustatu asmoz, hiri-ortuak egokitu zituen udalak, eta deialdi publikoaren bitartez banatu zituen.Eskaera egin, eta 50 herritar ari dira gaur egun erabilera publikorako egokitutako lurrak lantzen. Hala ere, guztira, udalak 141 lursail egokitu zituen Beko Ibarran, eta gainerako 90 hiri-ortuak esleitzeko deialdia zabaldu du.
Hiri-ortua eskatu nahi dutenek NA agiriaren fotokopia eta Gernika-Lumoko web orritik (www.gernika-lumo.net) jaitsi behar duten inprimakia aurkeztu beharko dute udaleko erregistro sailean, martxoaren 28a baino lehen. Udal arduradunek jakinarazi dutenez, eskaera egiten duenak Gernika-Lumon erroldatuta egon behar du.
Norbere kontsumorako
Hiri-ortua eskuratuz gero, ezinbesteko baldintza da ekoizten dena norbere kontsumorako izatea, eta produktuen elkartrukea bakarrik dago onartuta. Halaber, lursaila nekazaritza ekologikorako erabili beharko du eskatzaileak.
Hiri-ortua eskuratzeko eskaria elkarteren baten izenean eginez gero, elkartea irabazi asmorik gabekoa izan behar da. Eskaerak egiteko epe hori amaituta, esleipena zozketa bidez egingo du administrazioak. Zehaztu dutenez, banatuko dituzten ortuek 60 eta 75 metro koadro artean dauzkate.
Parte hartze prozesua
Gernika-Lumon ortu ekologikoak egokitzeko proiektua parte hartze prozesuaren bidez garatu dute. 2015. urtean egin zuten aurkezpena, eta herritarrekin batzarrak egin zituzten ondoren. Arkibai arkitektura taldekoen eta Ramon Zearreta adituaren laguntzarekin, udalak herritarrekin batera egin zuen hiri-ortuen diseinua, nolakoak izan behar zuten eta nola kudeatu behar ziren.