Gaztelugatxeri buruzko argazkilaritza tailerra antolatu dute hilaren 25erako
Sonymagek antolatu du tailerra, Bermeoko Udalaren laguntzagaz. Jakinarazi dutenez egun osoko tailerra izango da, eta alde teorikoaz gain, praktikoa ere izango du.
Argazkilaritza tailerraren alde teorikoa Bermeoko Gizarte eta Kultura Etxean izango da; 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 18:00etara. Praktikak, berriz, iluntzean egingo dituzte Gaztelugatxeko San Juanen, 19:00etatik 20:00etara. Han, kostaldeari argazkiak aterako dizkiote, eta, era berean, gaueko paisaian argazkiak nola ateratzen diren lantzeko aukera ere edukiko dute. Parte hartzaileek argazki kamera, tripodea eta uretako botak eroan beharko dituzte.
Tailerra doako da, eta 30 lagunek bakarrik parte hartu ahalko dute; 10 leku bermeotarrentzat gorde dituzte, gainera.
Interesa duenak www.sonymage.es webgunean eman beharko du izena; izen-abizenak eman beharko dira, eta bermeotarrek, gainera, Bermeoko bizilagunak direla aipatu beharko dute izena ematerako orduan.