Legatzaren errekrutamenduaren prozesu ekologikoak eta demografikoak ikertzen hasi dira.
Azti-Tecnaliako, Espainiako Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusiko (CSIC) eta IMEDEA institutuko 16 zientzialarik osatzen dute lan taldea. CSICek koordinatuta ariko dira azterketa egiten, CSICeko Fran Saborido-Reyren eta Aztiko Paula Alvarezen zuzendaritzapean.
Ikertzaileak Sarmiento de Gamboa ontzi ozeanografikoan ari dira lanean astelehenaz geroztik (martxoak 13). Hamabost egunez lan egingo dute ontzian, hurrengo helburuekin: legatzak bizirik irauteko faktorerik garrantzitsuenak ezagutzea, lehenengo bizitza faseetatik hasi eta legatz heldua errekrutatzen den faseraino.
Legatz-larben, larba osteko organismoen eta ale gazteen ugaritasuna eta espazioan duten banaketa zehaztuko dute Fisterra eta Estaca de Bares eremuen arteko galiziar plataforman (Hegoaldeko Stocka)
Proiektuaren helburu nagusia da legatzaren errekrutamendua zerk zehazten duen aztertzea, eta arreta berezia jarriko dute kausa demografiko eta ingurumenekoetan. Kanpainan aztertuko dute
Galiziako kostan zenbat legatz larba dauden, zenbat larba osteko organismo eta ale gazte dauden, bai eta espazioan nola dauden banatuta ere. Laginketa aldietako baldintza meteorologiko, biologiko eta ozeanografiko nagusiak karakterizatu, eta ale batzuk harrapatuko dituzte, larben eta ale gazteen eguneko hazkunde tasa zehazteko eta elikadura eta dieta eta
stock-en arteko konektagarritasun gradua zehazteko. Proiektua beste kanpaina bategaz osatuko da, ekainean egingo dutena, eremu berean.
Bizkaiko Kofradietako presidente Iñaki Zabaletaren ustez, mota horretako kanpainak onuragarriak dira. “Legatzaren kuota txikitu egiten dute behin eta berriro, eta arazoak izaten ditugu. Beraz, ziurrenik, ikerketa horrek on egingo dio legatzari eta arrantzaleei, are gehiago AZTIk egiten badu. Konfiantza handia daukagu AZTIrengan”, esan du bermeokoak.
Zeregin garrantzitsua. Iparraldeko eta Ekialdeko Atlantikoko arrantzarik garrantzitsuenetako bat da
Merluccius merluccius legatza. Hain zuzen, Espainiar estatukoak dira Europako lehorreratze gehienak (Europako lehorreratze guztien % 30). Espainiar estatuaren atzetik, Frantzia eta Portugal daude. Arrantzarako duen garrantziaz gain, legatzak zeregin garrantzitsua dauka itsas ekosisteman, pelagiko txikienen harraparia baita, eta, aldi berean, marrazo eta beste harrapari batzuen elikagaia.