Raul Portillo izan da azkarrena V. Ereñoko Master Sarian
Asier Bajo eta David Busto sailkatu ziren bigarren eta hirugarren hurrenez hurren.
Portillok bi ordu, hemeretzi minutu eta 49 segundoko denbora egin zuen, eta Bajok harengandik hamabost segundora amaitu zuen lasterketa, eta Busto, berriz, irabazlearengandik 37 segundora sailkatu zen.
Kategoria guztiak kontuan hartuta, 150 txirrindularik lehiatu zuten V. Ereñoko Master Saria. Hain zuzen ere, Bizkaiko Master Txapelketak (Master 30, Master 40 eta Master 50) lehiatu zituzten.
Master 30ean Asier Bajo izan zen lehenengoa, Raul Portillo lasterketaren irabazlea izan zen Master 40ko onena, eta Master 50ean, ostera, Carlos Barredo sailkatu zen lehenengo.
Bestalde, Master 60an bi parte hartzaile baino ez ziren egon, eta Luciano Mitxelena izan zen azkarrena (ez da Bizkaiko Txapelketarako puntuagarria).
Mendiko sailkapenari dagokionez, Portillo sailkatu zen lehenengo, bederatzi puntugaz. Sei puntu lortu zituen Bajo bigarrenak, eta Javier Montilla eta Jose Antonio Ayala sailkatu ziren hirugarren eta laugarren, hurrenez hurren.
Ereñoko Atxoste auzoan hasi eta amaitu zuten lasterketa 86,5 kilometrokoa izan zen, eta txirrindulariek Ibarrangelu, Gautegiz-Arteaga, Kortezubi, Arratzu, Nabarniz, Ispaster eta Ea udalerrietatik egin zuten ibilbidea.
Argazkiak: Ereñoko Gerandape Kirol Kluba