Euskararen kale erabilerari buruzko datuak aurkeztuko dituzte bihar, Bermeon
Belen Uranga Soziolinguistika Klusterreko teknikariak eta Maite Alvarez Bermeoko Udaleko euskera teknikariak parte hartuko dute Gizarte eta Kultura Etxean egingo duten aurkezpenean; 19:00etan batuko dira.
Juan Karlos Agirre Bermeoko Euskara zinegotziak jakinarazi duenez, “Bermeon 2016ko irailean eta urrian neurtu den 6.353 bermeotarren hizkuntzen erabileraren emaitzak aurkeztuko ditugu, hain zuzen ere”. Bere esanetan, neurketak “garrantzitsuak” dira “hizkuntzaren egoera ezagutu eta baloratu ahal izateko”. “Hizkuntzaren erabilera zein den jakitea funtsezko tresna da, euskararen plangintzan eta normalizazioan lan egiteko”, nabarmendu du.
Kale neurketaren metodologiari dagokionez, Alvarezek azaldu duenez, “neurtzaileak inori ez dio ezer galdetzen, ibilbide eta ordu ezberdinetan entzuten duena erregistratzen du. Neurtzerako orduan kontuan hartzen da umeak, gazteak, helduak edo zaharrak diren eta bakoitzaren sexua ere bai. Horrez gain, umeak aurrean dauden edo ez ere kontuan hartzen da”.
Kale neurketak hizkuntza erabilerak Bermeon azken 28 urteetan (1989-2017) izandako bilakaeraren berri ematen duela esan du Alvarezek, eta bost urtetik behin egiten da.
Agirrek eta Alvarezek herritar guztiak gonbidatu dituzte aurkezpenara.