Eguraldiak ez dio lagundu Bermeoko Liburu eta Disko azokari, hala ere, salmentek eutsi egin dutela azaldu du Asier Muniategi Euskadiko Liburu Azoken koordinatzaileak: «Iazko datuak mantendu ditugu, beraz, pozik gaude».
Muniategik argi dauka eguraldiak asko laguntzen duela salmentetan, eta, agian, haren ustez, liburu eta disko azoka udan egitea «egokiago» litzateke. «Data aldaketa egitea aztertu beharko genuke, nahiz eta zaila den egutegi aldetik, 18 azoka inguru egiten baititugu», esan du.
Salduenen artean, Bermeon, betiko izenak mantentzen direla esan du Muniategik; euskarazkoen artean, Kirmen Uribe, Jon Arretxe edota Karmele Jaioren lanak aukeratzen dituzte; gazteleraz, berriz, Toti Martinez de Lezea edota Dolores Redondo.
Euskal diskografiari dagokionez, Ken Zazpi, Bide Hertzean eta Gatiburen lanak saldu dira gehien, bai eta betiko klasikoak ere, Benito Lertxundi eta Oskorri bezalakoak.
Urtero legez, haur eta gazteen literaturaren salmentak ere nabarmendu ditu Muniategik; «horiek dira arrakastatsuenak eta gehien saltzen direnak, bai musika arloan zein literaturan ere. Pailazoen ingurukoak izaten dira salduenak».