Asier Badiolaren lagunek izandako istripua salatu dute herritarrek
Auto istripua «sakabanaketa politikaren» ondorioa dela salatzeko elkarretaratzea egin zuten atzo, Ondarroan. Istripua eduki dutenek agerraldia egingo dute gaur, BilbonAsier Badiola Indixu preso ondarrutarra bisitatu ostean haren bi lagunek zapatuan e...
Auto istripua «sakabanaketa politikaren» ondorioa dela salatzeko elkarretaratzea egin zuten atzo, Ondarroan. Istripua eduki dutenek agerraldia egingo dute gaur, Bilbon
Asier Badiola Indixu preso ondarrutarra bisitatu ostean haren bi lagunek zapatuan edukitako auto istripuaren harira, atzo ezohiko osoko bilkura eta elkarretaratzea egin zituzten Ondarroan. Gertaera «sakabanaketa politikaren» ondorioa dela salatu zuten herritarrek.Istripua eduki zuten herritarrak ondo daudela, baina kolpea «handia» izan zela esan zuten zapatuan. Indixu Picassent-eko kartzelan dago (Valentzia), eta Etxeratek jakitera eman zuen presoaren lagunek zirkulazio astuna egoten den tarte batean eduki zutela istripua. «Atzetik zetorren autoak euskal presoaren lagunen autoa aurretik eraman zuen, eta azken horiek aurretik zihoan beste autoa jo zuten».
Halaber, zapatuko istripua «dispertsio politikak eragiten duen urteko hirugarren istripua» izan dela esan zuten.
«Zapatuko gertaeragaz, bederatzira igo da espetxera bidean edo bueltan istripua jasan duten euskal presoen senide eta lagunen kopurua». Bide beretik, senideek dispertsio politika dela eta astebururo arrisku, kostu fisiko, psikiko eta ekonomikoei aurre egin behar izaten dietela gaineratu du. «Elkarteak gogorarazi nahi du joan-etorri behartuen egoerak hamasei biktima eta 400 istriputik gorako balantze beldurgarria utzi duela, oraingoz».
Ondarroan atzo egindako elkarretaratzeaz gain, Etxeratek deituta ere protestak egin zituzten atzo Gasteizen eta Iruñean. Gaur, ostera, Donostian eta Bilbon egingo dituzte, 19:00etan hasita, Bulebarrean eta Arriaga antzokiaren aurrean, hurrenez hurren. Gainera, Bilboko elkarretaratzean Etxerateko bozeramaileek eta istripua eduki dutenek adierazpenak egingo dituztela iragarri dute.