Bederatzigarren biltzar nagusia egingo du LAB sindikatuak maiatzaren 25ean eta 26an, Gasteizen. Ponentzia politiko sindikal bat aurkeztuko dute, sindikatuak hurrengo bost urteetan hartu behar duen norabidea azaltzen duena. Bestalde, antolakuntza ponentzia batek azalduko du bide hori egiteko zein antolakunde mota behar duen LABek.
Busturialdea eta Lea-Artibai eskualdeko arduraduna da Aitziber Barandika (Gernika, 1975). Langileek martxoaren 15ean Bermeoko Kabidxen (19:30) egingo duten aurkezpenean parte hartzea garrantzitsua dela uste du.
Emendakin horiek biltzar nagusian eztabaidatuko dira gero.
Bai, asmoa da maiatzera bitartean ekarpenak batzea, eta biltzar nagusian hartuko da horien gaineko erabakia. Han zehaztuko da norantz jo nahi dugun eta zein sindikatu mota nahi dugun
Zer zehatuko duzue maiatzaren 25 eta 26an egingo duzuen nazio biltzarrean?
Kongresuan emango den eztabaida ez da berria. Duela bi urte Birpentsatzen prozesua abiarazi genuen sindikatuan, ikusten genuelako sindikalgintza ereduak tope batzuk jo zituela eta langile klasearen egoerari begiratu behar ziola. Sindikalgintza eredua industrializazio garaitik eratorritakoa da; hots, lan zentru baten eta gizonezko zuriei begira egindako sindikalgintza da. Hutsune asko nabaritu ditugu azken urteetan, eta, batez ere, krisi garaian langileengana heltzeko. Beraz, gure tresnak birkokatu behar ditugu gaur egungo langileria eredura heltzeko. Gaur egun sektore asko atomizatuta daude; lan zentru batean enpresa asko daude, azpikontratatutako enpresak daudelako; badaude lan zentru asko dituzten enpresak eta abar. Beraz, uste dugu sindikalgintza ereduak horri begiratu behar diola. Bestalde, azken hamarkadatan eman den beste fenomeno bati ere heldu beharko genioke. Alegia, industriaguneak gure bizitza eta gure herrietatik atera ditugu. Hirigintza aldetik zentzu bat izan dezake, baina gure bizitzako denbora gehiena lanean ematen dugu, lankideekin. Beraz, lortu behar dugu horiek batzea eta herrietan ere langileen borrokak eta borroka sozialak mantentzea.
Zelan lortu hori gaur egun?
Norabidea argi daukagu. Euskal sozialismoa eraiki nahi dugu, eta horretarako pertsonak kokatu behar dira ekonomia eta politikaren erdigunean, ez gutxi batzuren interes ekonomikoak. Horretarako sozialismoa eraiki behar dugu, erabakitzeko eskubidea behar dugu eta euskal estatua behar dugu. Argi daukagu pertsonak erdigunean jarriko dituen eraldaketa emateko beharrezkoa dugula euskal estatu bat, eta hori eraikitzeko ezinbestekoa da sindikatuak apustu berezi bat egitea burujabetza prozesuaren alde. Nahi dugu burujabetza prozesu bat langileentzat baliogarria izango dena. Beraz, hurrengo bost urteetan hortik joko dugu. Bestalde, langileengana heldu behar gara, eta langileak biltzeko espazio ezberdinak behar ditugu. Sindikatua langileengana hurbiltzea da gure apusturik handiena. Horretarako, ekintza sozialeko egitura sortuko dugu, herrietan antolatuta egongo dena. Langileon bizi baldintzak borrokatzeko balioko du: etxebizitza eskubidea, zerbitzu publikoak, pentsioak eta baitaa laan baldintzak ere. Beraz, baldintza sozialak eta lan baldintzak borrokatzeko sortu nahi dugu egitura berri hori.
Zein da helburua?
Enpresari dagokionez, jauzi bat eman nahi dugu. Orain arte, afiliazioak, enpresa bakoitzean dauden afiliatuen asanbleak ziren. Baina uste dugu, tokian tokiko errealitatea kontuan hartuta, eredu ezberdinak egon behar direla. Eskualde honetan Cicautxoren adibidea dugu, argia dena. Azpikontrata ezberdinek bat egin beharko dute indarrak biltzeko, enpresa ezberdinak izan arren, komuneko interesak dituztelako.
Zergatik ez da gein orain arte?
Zaila da jendea biltzea, eta daukagunari eustea nahiko zaila denez, apustu berriei heltzeko aukera gutxi sortzen zaizkigu egunerokotasunean. Beraz, birpentsatze prozesuan Europako eta Euskal Herriko egoeraren gaineko hausnarketa egin genuen, eta oso baliagarria izan zela uste dut.
Sindikatuak langileengana hurbildu beharra aipatu duzu. Baina, gaur egun, langileak hurbiltzen dira sindikatura?
Gure asmoa da esparruak eskaintzea, langileak eurak antolatzeko. Azken batean, sindikatua tresna bat izan behar da langileak antolatzeko eta eskubideen alde borrokatzeko. Batasunak ematen du indarra. Langileek bakardade sentsazioa duela asko entzun dugu, eta etsituta daudela. Beraz, horri irtenbidea emateko modua eskaini nahi dugu.
Tresnak sortu behar dira, langileen etsipenarekin amaitzeko. Bide horretan, zelako papera jokatu dezake euskal sindikalgintza bateratu batek? Zelako jarrera du LABek horrekiko?
LABek ikusten du langileon lan eta bizi baldintzak aldatzeko beharrezkoa dela euskal estatua, eta burujabetza prozesua. Beraz, uste dugu ezinbestekoa dela euskal sindikalgintzaren gehiengoak bat egitea. Aliantzak behar ditugu bai herri mugimenduarekin eta baita sindikalgintzarekin ere. Batasuna beharrezkoa ikusten dugu benetan eraldaketa bat emateko. Hala ere, esan behar dut sindikatu izate hutsak ez gaituela batzen. Dirudienez, sindikatu batzuk uko egin diote borroka egiteari, eta erreformak sinatzen dituzte Madrilen. Horiekin ez daukagu margen askorik.
Birpentsatze prozesuan Europako esperientzien berri ere izan duzue. Mapa orokor horretan, Euskal Herriko sindikalgintza non kokatuko zenuke?
2008ko krisialditik nahiko erreferente izan garela konforntazio sindikalgintza bat izan delako gure, eta Europan, orokorrean, ez da horrelakorik eman. Baina guk arazo bat dugu; alegia, gure herian ez dela erabakitzen. Espainian eta Frantzian erabakitzen da, eta estatu espainolean borroka askoz makalagoa izan da. Beraz, uste dut Europa mailan euskal sindikalgintzari begira egon direla.
Sindikalgintza eredu zaharkitua dugu gaur egun, lehen esan duzu. Eredu horretan, zein da emakumeen egoera?
Busturialdea eta Lea-Artibai eskualdeetan, esaterako, oso adierazgarria da ikustea emakumeek non lan egiten duten. Azpikontratuta daude, garbitasunerako, zaintzarako… Sektore prekarioenak dira sektore feminizatuak. LABek planteamendu argi bat egiten du, eta hori da sindikatu barruan jauzi feminista ematearena. Eskola feminista bat proposatuko dugu, praktika feminista bultzatzeko eta esparru guztietan izan dezan inzidentzia.
Kongresua maiatzean. Zergatik parte hartu behar dute Lea-Artibai eta Busturialdeko langileek?
Langileek ikusi behar dutelako egoera osotasunean. Ikusi behar dute zer gertatzen den eskualde bakoitzean, gero bizi eta lan baldintzen alde borrokatzeko.