Aurten ere, Lekuek festibalagaz bat egingo dute motozaleek
Hirugarren urtez, Gernika-Lumoko Skooterada antolatu dute motozaleek, Lekuek festibalagaz bat eginda.
Martxoaren 18rako jarri dute hitzordua. 10:00etan batuko dira Araneko gasolindegian; handik abiatuta, Busturialdeko eta Lea-Artibaiko bidea moto gainean egitekotan. Iaz, esate baterako, 27 bat lagun bildu zituen Skooteradak –eskualdekoak, Bilbokoak, Eibarkoak, Madrilgoak…– , eta aurten gehiago batzea aurreikusten du.
San Juan Ibarran, bitartean, No es por la vespa proiektuagaz bat eginda, kilometro solidarioak saltzen ariko dira eguerdian. Eskuter zaleak biltzen dituen Bilboko talde batek antolatzen du aipatu proiektua, eta aurtengoa laugarrena izango da.
125 zilindradako edukiera duen moto gainean 24 orduz egindako ibilbidearen munduko marka hautsiz, dirua lortzea bilatzen du, «era dibertigarri eta parte hartzailean». Hala, bertan lortutako dirua gizarte-bazterketa pairatzen duten eta beharrizan egoeran dauden adingabeak gizarteratzea helburu duen Bankuva elkarteari emango diote aurten.
No es por la vespa proiektuak kilometro solidarioak jarri ditu salgai beste urte batez, eta erosten dituztenek astebeteko egonaldi baten zozketan parte hartzeko aukera edukiko dute.
Eguerdi partea, gainera, musikagaz jantziko du Penny Lane dj-ak San Juan Ibarra plaza. Eta motozaleak ailegatzerakoan, kopau eskuteroa egingo dute.
Egunean, halaber, zozketak, sariak eta ezustekoak ere egongo direla aurreratu dute antolatzaileek.