Bere izena duen Bermeoko Udalaren Musika Eskolak antolatu du kontzertua
martxoaren 14rako. Orain dela 100 urte egun horretan jaio baitzen Jose Antonio Egia musikaria.
Santa Eufemia elizan izango da kontzertua,
19:45ean.
Musika Eskolan aurkeztu dute Egiaren omenez egingo duten kontzertu berezia
Aipatu kontzertu berezian, Bermeoko Abesbatzak eta udalaren musika eskolako soka taldeak, gitarra taldeak, Kankinkabara txistulari taldeak, Arrekatxutxa trikitixa taldeak, koro txikiak, harrerako ikasleak, konboak eta haize kamarak parte hartuko dute. Horiez gain, Egia maisuarekin ibilitako
Erriko Lagunak taldeko txistulari ohiek ere parte hartuko dute; izan ere, deialdia zabaldu zitzaien kontzertu horretan parte hartzeko. Musika eskolako zuzendari Esti Arrizabalagak esan duenez,
denetara, 125 musikari batuko dira Egia omentzeko.
Datorren martitzeneko kontzertuan,
errepertorio zabala interpretatuko dute,
15 obra, hainbat estilotakoak: balsa, tangoa, fandangoa, biribilketa, arin-arina, erlijiosoa… Gainera, musikari guztiek elkarrekin Egiaren
Gure Tala Agur abestia interpretatuko dute.
Egiaren jaiotzaren 100.urteurrena ospatzeko ekimenen baitan, bestalde, Jose Antonio
Egiaren musika partiturak, Eresbiletik (Euskal Musika Artxibategia) Bermeoko Udalaren artxibora ekarri dituztela esan du Arrizabalak; euskarri digitalean ekarri dituzte. “Guztira,
123 musika obra dira, eta gure musika ondarearen parte garrantzitsua dira. Horregatik, gure ustez, ezinbestekoa da lan horiek gure artxiboan izatea”, gaineratu du.
Gainera, udalaren musika eskolako
ikasleak Egiaren obrak ezagutarazten eta lantzen ari dira ikasturte honetan. Hala, egingo dituzten entzunaldietan lan horiek guztiak entzungai izango dira.
Txistu alardean ere Jose Antonio Egiak protagonismo berezia izango duela aurreratu du Arrizabalagak.
Egiaren iloba Jon Ander Jauregizarrek kontzertuaren aurkezpenean parte hartu du eta antolatzaileen zein parte hartzaileen lana eskertu gura izan du, familia guztia omenaldiarekin “oso pozik” dagoela aipatuta. Aitita ezagutu ez bazuen ere, “beti presente eduki duela” esan du, “etxean harek egindako lanaz eta musikaz asko eta asko berba egin dutelako”. Egia Bermeon jaio ez bazen ere, aititak Bermeo asko maite zuela esan du Jauregizarrek.
Egia Bermeoko musikaren munduan pertsona “oso garrantzitsua” izan zen kultura zinegotzi Aingeru Astuiren arabera; izan ere,
musikaren zaletasuna zabaltzen aitzindari izan zen, eta berak
egindako lana goraipatzekoa dela dio. Hala, ekitaldi “polita eta hunkigarria” izango delakoan, herritarrak kontzertura gonbidatu dituzte.
Jose Antonio Egia. Argazkia: Bermeoko Abesbatza
Biografia. Egia Balmasedan jaio zen 1917ko martxoaren 14an. Ume umetatik hasi zituen musika ikasketak eta herriko Musika Bandan saxofoi-jole modura parte hartu zuen. Gaztea zela, Gerra Zibilak harrapatu zuen, eta Bermeora etorri zen San Andres batailoiko bandaren partaide bezala. Gerra ostean, Arrasateko Santa Ageda Ospitaleko musika bandako zuzendaria izan zen. Ordura arte, musika konposatu zuen arren, ez da ezagutzen partituran erregistraturiko lanik.
1945.urtean Bermeora itzuli zen, eta Santa Eufemia elizako organo jotzaile postua lortu zuen, lehiaketa bidez. Hainbat koru sortu zituen: tipleena, emakumeen abesbatza, eta, geroago arrantzaleekin bakarrik sortutakoa. Gero, arrantzaleek itsasora joan behar izan zutenez, abesbatza herrira zabaldu zuen.
1953.urtean, Palentziara joan zen. San Juan de Dios ordenako erlijioso izateko prestatzen zeuden gazteen musika irakasle eta organo jotzaile izan zen. 1955ean, Bermeora itzuli zen Santa Eufemiako organo jotzaile modura, eta, aldi berean, Bermeoko Abesbatzaren zuzendaritza lortu zuen.
1967.urtean
Erriko lagunak txistularien akademia sortu zuen, eta 100 ikasle aurkeztu ziren. Bere konposizio ezagunen artean,
Nire Aurtxoa,
Ekilikua,
Gure Tala Agur,
Himno al Club de futbol de Bermeo ditu. Horiez gain, balsak, tangoak, pasodobleak, zortzikoak, gabon kantak, eta, batez ere, erlijio kantu ugari idatzi zituen.
Herrian, musikaren zaletasuna zabaltzen aitzindari izan zen. Musika ikasi gura zuten herritarrei erakusteko prest egon zen beti; hala nola, pianoa, txistua, akordeoia, gitarra, biolina…ordainean ezer hartu gabe. Bermeoko herrian izan zuen musika ibilbideari esker ona erakusteko, udalaren musika eskolak bere izena darama. 1979ko azaroan hil zen.